Melillako "migratzaileen hilketa masiboa" salatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 19:45

Joan den ostiralean, 37 pertsona hil eta dozenaka zauritu ziren Melillako hesian. Ehunka lagun bildu dira Gasteizen, sarraskia eta Espainiako Gobernuak Marokorekin dituen akordio "diskriminatzaileak" salatzeko.

Astelehen honetan, Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak eta Arabako Afrikar elkarteen Partzuergoak joan den ostiralean Melillako hesian gertatutako sarraskia salatzeko elkarretaratzea egin dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan; bertan, hainbat lagun lurrean etzan dira, mundu osoa zeharkatu dituzten irudiak gogora ekarriz.

GKEen azken datuen arabera, gutxienez 37 migratzaile hil ziren joan den ostiralean, Espainiako Estatuaren hegoaldeko muga babesten duen hesia saltatu nahian.

"Zigorgabetasun osoko migratzaileen hilketa masibotzat" jo dute gertatutakoa, eta "ez" hitza baliatu dute erakundeei eskakizunen zerrenda luze bat helarazteko. Besteak beste, hildako pertsonak identifikatzea eta beren senideei itzultzea eskatu dute, baita "interesak eskubideen gainetik eta materialak pertsonen gainetik jartzen dituzten politikak amaitzea" ere.

"Ez!"

"Ez Melillako mugan gertatutako sarraskiei. Ez poliziaren indarkeriari. Ez migratzaileen aurkako giza eskubideen urraketei. Ez sarraski hau ixteari ikerketa, epaiketa eta zigorrik gabe. Ez Marokorekin egindako akordio diskriminatzaile eta hiltzaileei. Estatuko eta Europako migrazio-politikei ez. Atzerritarren Legeari ez. EBk eta Espainiako estatuak mugak ixteko duten politikari ez", adierazi dute.

"Giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialdeetara (Marokora, esaterako) mugak esternalizatzeari ez. Hegoalde Globaleko lehengaien espoliazioari ez. Ez Espainiako eta Marokoko gobernuek bultzatutako politika arrazistei. Ez mugak kontrolatzeko gastuei. Hesirik ez. Frontex-i ez. Ez armak ugalketari.  Gerrarik ez. NATOri ez", gaineratu dute.

"Ez legez kanpo okupatutako Mendebaldeko Saharako natura baliabideen espoliazioari. Ez Israelen okupazioari Palestinan. Ez inperialismoari. Europako Batasunaren konplizitateari ez. Ez Pedro Sanchezi, hilketa horien babes eta defentsa esplizitua egiteagatik; matoiak soberan daude! Ez gure hipokrisiari, mugak irekitzea eskatzen dugunean baina gure etxebizitzen ateak ixten ditugunean. Ez jatorrizko herrialdean asiloa eskatzeko ezintasunari eta nazioarteko babesa eskatzeko bizitza jokatu behar izateari. Ez momentuko itzulketei. Ez gure pribilegio zuri eta aburgesatuei. Eskubide berberak pertsona guztientzat!", amaitu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide