Arabako osasun sistema publikoaren alde mobilizatu dira Gasteizen

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 17:00
Jendetza bildu da Olagibel osasun zentroaren aurrean. / Argazkia: OSASUN PUBLIKOA AURRERA

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eta osasun zentroen ordutegiak, Santiago ospitaleko Larrialdiak eta San Martingo EAGa berreskuratzea eskatu dute dozenaka herritar, pentsiodun eta osasun langilek.

Arabarron osasunaren suntsiketarik ez! lelopean, Arabako osasun sistema publikoaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur dozenaka herritarrek Gasteizko Olagibel osasun zentroan, hiriburuko zein landa eremuko lehen mailako arretaren "desegitearen aurrean". Deitzaileen artean, lurraldeko gizartearen ordezkaritza zabala: Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Santiago ospitaleko enpresa batzordea, auzo elkarteak, Babestu Araba elkartea, Ernai gazte erakundea, Pentsionistak Araba, Oneka Araba eta Arabako ESIren pertsonal batzordea, besteak beste.

12:15ean elkarretaratzea egin dute, eta, ondoren, eragile horietako hainbat bozeramailek hartu dute hitza, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eta murrizketak gelditzea eskatzeko. Besteak beste, salatu dute San Martingo Etengabeko Arreta Gunea (EAG) eta Santiagoko Larrialdiak itxita daudela, osasun zentroak 17:00etatik aurrera ixten dituztela (udako ordutegiaren arabera, irailaren 22ra arte itxita egongo dira Gasteizko 15 zentrotatik 13, Olagibel eta Olarizu izan ezik), eta landa eremuko osasun zentroak "abandonatuta" daudela.

Horrez gain, Alde Zaharreko osasun zentro berria irekitzea, Sansomendikoa eraberritzea eta hiriaren hegoaldean zein Koroatzean beste bi eraikitzea, geriatra, fisioterapeuta eta ginekologo gehiago kontratatzea, eta inbertsio handiagoa egitea eskatu dute, lehen mailako arretan, ospitale sarean eta osasun mentalean plantillak indartzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide