Indarkeria matxistagatik 703 emakume artatu zituen Gasteizek 2021ean

Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 19:00
Eraso matxisten aurkako kartela, Gasteizko sarrera batean. / ALEA

2021. urtean, %4,6 igo zen genero indarkeriagatik Gasteizko udal zerbitzuek artatutako emakumeen kopurua. Halaber, sexu askatasunaren aurkako delituak %66,67 igo ziren eta sexu erasoak laukoiztu ziren, 2020ko datuekin alderatuta.

Gasteizko Udalak 2021eko indarkeria matxistaren txostena argitaratu du. Besteak beste, indarkeria matxistari erantzun publikoa emateko protokoloaren, indarkeria sexistaren datuen, erasotzaileen ezaugarri orokorren eta indarkeria LGTBI+fobikoaren datuak plazaratu dituzte bertan, urtarriletik abendura bitarteko epea kontuan hartuta.

Txostenak, datu orokorrak eskaintzeaz gain, informazioaren jarraipena egiteko eta kontrastatzeko tresna izatea du helburu. "Helburua ez da oihartzun publiko gehien duten kasuetan arreta jartzea, baizik eta zifren eta datuen kontakizun bateratu eta kontrastatua egitea", azaldu du Udalak.

Erantzun publikoa

Indarkeria Matxistari Erantzun Publikoa Emateko Protokoloa sei aldiz aktibatu zen 2021ean, eta horietako hirutan hilketa matxista bat izan zen arrazoia. Aurretik, hilketa matxista baten ondorioz erantzun publikoa aktibatu zen azken aldia 2018an izan zen, Maria Jose Bejarano eta haren ama Florentina Jimenez hil zituenean lehenengoaren bikotekide ohiak.

Indarkeria sexista

Txostenak datu ugari eskaini ditu indarkeria sexistaren inguruan, bai biktimei dagokienez, baita erasotzaileei dagokienez ere: artatutako emakumeen kopurua, adina, jaioterria, bizi diren auzoa, haien kargu dituzten adingabeen kopurua... Hona hemen datu esanguratsuenen laburpen bat:

  • Genero indarkeriagatik 703 emakume artatu zituzten Gasteizko Udalaren Gizarte Zerbitzuek 2021ean, 2020an baino %4,6 gehiago
  • Indarkeria mota:
    • Ohikoena tratu txar emozionalak edo psikologikoak (%62,9)
    • Tratu txar fisikoak (%37,3)
  • Artatutako emakumeen %43,7k lan munduan sartzeko zailtasunak ditu, eta %67,3k arazo ekonomikoak.
  • Udaltzaingoak erregistratutako sexu askatasunaren aurkako delituak %66,67 igo dira 2020tik:
    • Sexu erasoak kasu batetik bostera (%400)
    • Sexu abusuak 8tik 28ra (%250)
    • Seme-alaben aurkako delituak: hiru sexu abusuagatik eta beste bat sexu erasoagatik
  • Biktimen adina:
    • Gizarte Zerbitzuetan artatutako emakumeen batez besteko adina: 41,5 urte; atzerriko emakumeen kasuan 31 eta 40 urte bitartekoa.
    • Udaltzaingoan artatutako emakumeen batez besteko adina: 31 eta 40 urte bitartean
    • Bi zerbitzuetan bederatzi adingabe artatu dituzte

  • Indarkeria matxistaren biktimen ia erdia Espainiako Estatuan jaiotakoa da; bigarren jatorririk ohikoena Hego Amerika da; eta hirugarrena Maroko.
  • Adingabeak:
    • Artatutako emakumeen %69,2k seme-alaba adingabeak ditu bere kargura
    • Jatorri atzerritarreko emakumeen kasuan, %76,2k seme-alaba adingabeak ditu bere kargura
    • Guztira, adingabeko pertsonen zaintza duten 453 bizikidetzako unitate eta 772 seme-alaba adingabe dira

  • Erasotzaileen ezaugarriak:
    • 144 erasotzaile, 2020an baino 5 gutxiago
    • Batez besteko adina: 31 eta 40 urte artean
    • 18 urtetik beherako erasotzaileen kopurua lautik bira jaitsi da
    • Erasotzaileen %50 baino gehiago Espainiako Estatuan jaio da

  • Indarkeria LGTBIfobikoa eta genero barruko indarkeria:

    • Gizarte Zerbitzuetan zazpi pertsona artatu dituzte, 2020an baino bi gehiago
    • Ikusgunek 28 jazoera erregistratu ditu, %64 gehiago
    • Erregistratu den fobiarik ohikoena transfobia izan da; jarraian, homofobia eta LGTBIfobia orokorrean.
    • Jazoera gehienak eremu publikoan gertatu dira
    • Indarkeria mota ohikoenak gorroto diskurtsoak eta erasoak dira

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide