Ikusgunek EHGAMen Urrezko Hirukia saria jaso du

Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 13:00

"Azken urteetan LGTBI+fobiaren aurka egindako lanagatik", EHGAMek Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiari eman dio Urrezko Hirukia. Sejo Carrascosak hiriko beste eragile askorekin elkarbanatu nahi izan du saria.

BIDEOA: Ikusgune

Duela hogei urte baino gehiago hasi zen Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua (EHGAM) Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatzen. Lehenengoak Euskal Herri mailan sexu askapenaren alde lan egiten duten pertsona, proiektu, ekimen zein kolektiboen lana aitortzen du; bigarrenak, ordea, lan hori zapuztea nahi dutenei ematen die EHGAMek.

Aurten ere, ekainaren 28ko Sexu Askapenaren Egunaren bueltan, sariak banatu ditu EHGAMek, Bilboko Bira Kulturgunean: "Asko gara pertsona oro aske bizitzeko egunerokotasunean lanean jarraitzen dugunok, egungo jendarte eredu zapaltzailea seinalatu eta honen aurrean tinko agertzen garenok. Baina, tamalez, oraindik LGBTI+ pertsonok gure eskubideak osotasunean bizitzeko oztopoak jartzen dituzten jarrera, diskurtso, politika publiko edota taldeak daude", adierazi dute sari banaketan.

Sejo Carrascosa Ikusguneko koordinatzaileak jaso du saria. / Argazkia: EHGAM

Urrezko Hirukia

Alde batetik, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiari eman diote "jarrera atzerakoi eta zapaltzaileei aurre egiten dieten ekimenak" aitortzea helburu duen 2022ko Urrezko Hirukia, "azken urteetan LGTBI+fobiaren aurka egindako lanagatik". Amets Martinez de Hereditarekin batera Ikusguneko koordinatzaileetako bat den Sejo Carrascosak jaso du saria, eta, bereziki, honako eragile guztiekin elkarbanatu nahi izan du:

  • Etxeetako leihoetan ortzadarrak jarri dituztenekin
  • LGTBI+fobiaren kontra mobilizatu direnekin
  • Muralak eta marrazkiak egin dituztenekin
  • Zabalgana eta Alde Zaharreko auzokideekin
  • Zabalgana Batuz eta Gasteiz Txiki auzo elkarteekin
  • Kutxiko Taskeroekin
  • Zabalganeko hezkidetza-sarearekin
  • Gasteizko eskola komunitatearekin
  • Umandi Ikastolarekin
  • Arantzabela Ikastolarekin
  • Komertzioetan, tabernetan eta lantokietan LGTBI+fobia salatzeko telefonoa zabaldu dituztenekin

Ikusgune 2019an sortu zen, baina behatokiaren hastapenak 2017an koka daitezke. Izan ere, orduan hasi zen Lumagorri Zisheterosexismoaren aurkako Taldeak etorkizunean LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia izango zena eraikitzen, Gasteizko hainbat kolektiboren kezkatik abiatuta.

"Autogestiotik eta mugimendutik beratik sortutako proiektua da Ikusgune, eta gaur egun LGTBI+fobiaren aurkako Euskal Herriko ekimen erreferenteetariko bat da", nabarmendu du EHGAMek. "Sari honekin, ikuspegi lokaletik eta herri mugimenduetatik datorren proiektuaren lana eta eredua goraipatzeaz gain, proiektuaren sorreran eta egungo proiektuaren egitekoan jo eta su ari diren pertsonak ere saritu nahi ditugu".

Trapuzko espartina

"Ez dira gutxi sari hau merezi duten pertsona, instituzio, komunikabide edota taldeak", azaldu du EHGAMek. "Baina aurtengoan, gure jendartean ematen den jarrera bati jaurti nahi diogu trapuzko espartina: ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurkako jarrerei".

"Jarrera horiek giza sexualitatearen aniztasuna ukatzen dutelako, ikastetxeak espazio arrotz eta ez-seguruak izatera bultzatzen dituztelako, genero rol eta estereotipoak ikuspegi esentzialistatik birsortu eta indartzen dituztelako, eta, azken batean, errealitatea bera ukatzen dutelako", argudiatu dute. "Zaila da jarrera bati sari bat jaurtitzea, baina tamalez, jarrera horiek hartzen dituzten hamaika izen-abizen eta talde daude: nazioartean, Hungariako Viktor Orban bezalako faxistak, Errusiako LGTBI+fobia, PIN parentala aldarrikatzen duen Espainiako Vox alderdi anti-feminista eta LGTBI+foboa, Ayuso bezalako neoliberal ultraeskuindarra, Castellongo epaile homofoboa edota Abokatu Kristauen Elkartea".

Jarrera horiek Euskal Herrira ekarriz, besteak beste, Euskal Herriko Feminista Erradikalak taldeari jaurti diote Trapuzko Espartina: "Auto-izendatutako talde horrek eskoletara idatzi bat bidali du, sexu aniztasuna lantzen duten eragileak kriminalizatzen", azaldu dute.

Horrekin batera, eskerrak eman dizkiete "ikastetxe zisheterozentratuetan sexu aniztasuna txertatzen duten irakasle eta eragile guztiei". Eta, azkenik, dei egin dute Bizkaiko E28 Koordinadorak martxan jarri duen TERFen (feminista trans-baztertzaileen) aurkako kanpainara atxikitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide