Arte irekiak

Errekaleorreko horma-irudien gida sortu dute Ekialdeko ikasleek

Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 11:00

Ekialdea institutuko ikasleek Arte irekiak diziplinarteko proiektua sortu dute, Errekaleor auzo autogestionatuko horma-irudien inguruko arte gida bat eta bideo bat landuz. Gainera, ikasleek mural propioak margotu dituzte ikastetxeko hormetan.

EHUko WebLearner ikerketa taldearekin eta Errekaleor auzoarekin batera, Gasteizko Ekialdea BHI institutuak Arte irekiak diziplinarteko proiektua garatu du, eskolako irakasleek metodologia aldatzeko beharra ikusita.

Proiektuan parte hartu dute zazpi ikasgaitako DBHko 1. mailako ikasleek —Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika, Teknologia, Informatika eta Gizarte Zientziak—. Egitasmoaren oinarria Errekaleor auzoko mural artistikoak izan dira, eta helburua gida artistiko bat sortzea, askotariko gaien inguruan sortutako ekoizpenekin.

Ikasturte honetako hirugarren hiruhilekoan gauzatu dute proiektua. Horretarako, bisita gidatu bana egin dute Errekaleorreko horma-irudietara eta Artium Museora. Proiektuari hasiera emateko, aurkezpen bideo bat ikusi zuten ikasleek —behean ikus daitekeena—, motibazioa lortzeko, eta proiektuaren emaitza gisa beste bideo bat —goian ikus daitekeena— eta arte gida bat sortu dituzte.

Azkenik, Arte irekiak proiektua borobiltzeko, Teknologia ikasgaiko ikasleek mural propioak margotu dituzte ikastetxeko hormetan, ikasitakoa benetako testuinguru batera eramateko.

Egitasmoa aurrera ateratzeko lan orduetatik kanpo ordu asko sartu behar izan dituztela aitortu dute Ainara Irigoras irakasleak eta Uxune Aizpurua irakasle eta proiektuaren koordinatzaileak, plazaratutako bideoan. Hortaz, "baliabide gehiago" eskatu dituzte gisa honetako proiektuak eta metodologiak martxan jartzeko eta "gauzak ondo egiteko".

BIDEOAK: Ekialdea BHI institutua

GIDA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide