Ironmana uztailaren 10ean itzuliko da Gasteizera

Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 14:43
Gasteizko Ironman lasterketaren aurkezpena. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Uztailaren 10ean, igandean, nazioarteko 2.500 triatleta izango dira Gasteizko Ironman lasterketan. Uribarri-Ganboa urtegian 3,8 kilometro igerian, bizikleta gainean 180,2 kilometro eta Gasteizko erdigunean 42,2 kilometroko maratoia egingo dituzte.

Hamazazpi egun barru, uztailaren 10ean, Ironman triatloi lasterketa itzuliko da Gasteizera. Lehen zatia igeriketakoa izango da: Uribarri-Ganboa urtegian 3,8 kilometro egin beharko dituzte igerian; ondoren, bizikleta hartu eta 180,2 kilometro egingo dituzte horren gainean, hiri inguruan dauden herriak zeharkatzen dituen zirkuituari hiru itzuli emanez, eta, tarte batean, Done Jakue Bideko zati bat eginez; proba amaitzeko, 42,2 kilometroko maratoia egin beharko dute Gasteizko erdigunean, Erdi Aroko hirigunearen inguruan, Plaza Berriko helmugara iritsi aurretik.

Maila goreneko kirol ekitaldi honetan parte hartzeko izena eman dute dagoeneko 2.500 triatletak, eta atzerriko presentzia handia izango da aurten. Kirolari horietako batzuek urrian Kailua-Konan (Hawaii) jokatuko den Ironman probaren munduko txapelketarako plazak eskuratuko dituzte.

"Green" logoa

Aurtengo edizioan, gainera, Gasteizko Ironmanak logotipo berria estreinatuko du: triatloiaren irudi tradizionala egokitu eta berdea izango da, hiriaren "green" izaera eta jasangarritasunarekiko konpromisoa erakusteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide