Martxotik ekainera bitartean, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Sailak hainbat ordainketa egin zituen, guztira 89.991 euroko balioarengatik. Hala ere, iruzurra hauteman eta salaketa jarri egin du Udalak.
Gertakariak martxoaren 9an hasi ziren, Udalak enpresa hornitzailearen kontua aldatzeko jakinarazpena jaso zuenean posta elektronikoan. Antza denez, ezezagun batzuek enpresa hornitzailearen identitatea ordeztu dute denbora horretan. Gerora, iruzurrezko bankuko ziurtagiriak aurkeztu zituzten, etorkizuneko fakturen ordainketen erreferentzia gisa. Informazio horrekin eta ustez enpresak igorritako beste mezu batzuekin, Udalak hainbat faktura ordaindu zituen.
Ekainaren 13an, ordeztutako enpresako administrazio zerbitzuak harremanetan jarri ziren Udalarekin, fakturazioaren inguruko zalantzak argitzeko. Horri esker, iruzurra hauteman zuen Udalak. Ondoren, hainbat kontsulta egin dituzte iruzurra egiteko erabilitako banku erakundearekin, posta elektronikoaren ordeztea ikertu duen Udal Administrazioko Sailarekin eta kaltetutako enpresarekin.
Ondorioz, astelehen honetan bertan, ekainaren 20an, Udalak salaketa jarri du Udaltzaingoan. "Udala lanean ari da iruzur egindako kopuruaren zati bat berreskuratzeko. Era berean, bankuko kontuak aldatzeko eta alta emateko mekanismoetan hobekuntzak egingo ditu hirugarrengoekin, halako kasuen aurrean segurtasuna indartzeko", azaldu du tokiko erakundeak.