Salburuko tranbiaren probak Gabonetan egingo dira, 2023ko udaberrian martxan izateko

Erredakzioa 2022ko eka. 21a, 17:00

Erakundeetako ordezkariak Florida kaleko obrak bisitatzen. / Argazkia: AFA

Florida kaletik Salbururaino iritsiko den tranbiaren lehen probak aurtengo Gabonetan hasiko dira, 2023ko udaberrian martxan izateko. Une honetan geralekuak eraikitzen ari dira, eta uda osoan zehar Jose Lejarreta kalea itxiko dute.

Tranbia Salburua auzora luzatzeko lanen prestaketan murgilduta dago Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa. Gasteizko sareko gainerako adarrekin Florida kalean lotuko da zati hori, eta, horretarako, Jose Lejarreta kalearen arteko elkargunea moztuko dute astelehenetik, hilaren 27tik; izan ere, eskolako oporraldia baliatuz eta herritarrei eragozpenak arintzeko, ekainaren amaieratik irailaren hasierara arte luzatuko dira lan horiek.

24,8 milioi euroko aurrekontua (obra zibilak 15,5 milioi euro) izango dute obrek; horren %65 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, eta beste %35 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. Obrak bisitatu dituzte gaur Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

ETSko obra zuzendariak azaldu duenez, tranbiaren plataforma egokitzeko lanen eragina jasan duten bideetan sortutako aldaketa gehienak eginda daude dagoeneko. Gainera, Florida kalean, Iliada pasealekuan eta Salburua Bulebarrean ibilgailuen trafikorako galtzadek hartzen zuten eremua murriztu egin da, tranbiak hartuko duen espazioa, bidegorri-zati berriak eta espaloiak handitu egin diren bitartean.

Bestalde, tranbiaren plataformaren eraikuntza eta trenbidearen muntaketa oso aurreratuta daude jada: Florida kaleko tarteaz gain, Iliada eta Salburua kaleen arteko zein Aerodromoko pasealekuaren eta Martxoaren 8ko etorbidearen arteko tarte batzuk baino ez dira geratzen.

Hurrengo mugarria, hain zuzen ere, trazadura berria eta tranbia sarearen gainerako zatia lotzeko lanak izango dira.

Bost geraleku berri

Tranbiaren bost geraleku berrien eraikuntza oso aurreratuta dago: adibidez, La Union eta Santa Luzian markesinak jarrita daude dagoeneko. Obren eragina jasan duen ingurua urbanizatzeko lanek ere aurrera jarraitzen dute, baita lorategiak eta gune berdeak egokitzeko lanek ere.

Horrela, trazadura berriak 2,5 kilometroko luzera izango du, eta 70.860 metro karratuko urbanizazio berria ekarriko du. Horietatik ia 22.000 tranbiaren trazadurari berari dagozkio, bost geltokirekin: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Alboetako nasekin diseinatu dira, eta guztira 50 metroko luzera (sartzeko arrapalak barne), 3,5 metroko zabalera eta 25 zentimetroko altuera izango dute.

Abendurako prest, udaberrirako martxan

Aurreikuspenen arabera, jarduketa horiek guztiek obra zibila abenduan amaitzeko aukera emango dute. Hortaz, Gabonetatik bueltan, Euskotren tranbiaren unitateekin lehen probak egiten hasiko da, azpiegitura berria 2023ko udaberrian martxan jarri ahal izateko.

Tranbia luzatzeak Santa Luzia eta Salburua auzoek erdigunearekin duten lotura hobetuko du, baita Lakuako autobus geltokiarekin, egun dauden lineen zerbitzua jasotzen duten guneekin, Hegoaldearekin eta EHUko Campusarekin ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide