Aire zabaleko ikuskizunak eta kontzertuak Gasteizera itzuliko dira uda honetan

Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 13:00
Dead Sequoia, Ttek Elektrotxaranga, Maite Guevara eta Larrutan dantza taldea. / ALEA

Uztailaren 3tik irailaren 4ra bitartean, aire zabaleko 21 ikuskizun eskainiko dituzte Gasteizko hamar espaziotan: antzerkia, dantza, musika...

Gasteizko udako programazio kulturala aurkeztu dute gaur Maider Etxebarria alkateordeak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak. Pandemia garaian martxan jarritako eskaintza berezia mantentzea erabaki du Gasteizek, eta uztailaren 3tik irailaren 4ra bitartean aire zabaleko 21 ikuskizun eskainiko dituzte hiriburuko kaleetan.

Guztira hamar plaza, lorategi eta espazio irekitan izango dira jarduerak, hirigunean zein auzoetan: Judimendiko Sefarad plaza, Salburuko Ekialdeko parkea, Aranbizkarra parkea, Ibaiondo gizarte etxeko plaza, Arriaga Anfiteatroa, Hegoalde gizarte etxeko plaza, Alde Zaharreko Santa Maria plaza, Judimendiko parkea, Zabalgana gizarte etxeko plaza eta Aranbizkarreko Zaitegiko Gazteluaren eremua, besteak beste.

Gainera, askotariko diziplinak eskainiko dira, adin tarte guztientzako eskaintzarekin: familia ikuskizunak Trakamatraka, Zirika Zirkus, Maite Guevara, Rojo Telon eta Tutik Ere Clownsen eskutik; helduentzako ikuskizunak La Reina del Arga, Jon Zabal eta Jose Cruz Gurrutxagaren eskutik; dantza proposamenak Larrutan eta Input konpainien eskutik; Dead Sequoia edo Sarrabate bezalako taldeen kontzertuak; edota musika ikuskizun ibiltariak Demodé Quartet, Zo-Zongó, Ttek Elektrotxaranga, The Farra Marching Band edota Batuketa taldeekin.

Dantza, zinema eta beste jarduerak

Aire zabaleko eskaintzarekin batera, Gasteizko Kultura Zerbitzuak udako beste zenbait egitarau izango ditu uda honetan. Adibidez, Floridako Dantzaldi ezagunak itzuliko dira ekainaren 25ean, bi urteko etenaldiaren ostean, eta irailaren 18ra arte mantenduko dira, udako larunbat eta igande guztietan, 19:00etatik 21:30era. Uztaileko bost igandeetan zuzeneko musika izango da, eta gainerako egunetan DJak.

Bestalde, uztailaren 16an Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa tradizionala egingo dute Arriaga plazan. Oinarriak, dagoeneko, eskuragarri daude Udalaren webgunean, eta izena emateko epea uztailaren 4tik 14ra izango da zabalik.

Udal Musika Bandak ere aire zabaleko egitaraua eskainiko du ekainaren 24an hasita eta urrira arte, ostiralero 19:00etan.

Itzultzear den beste hitzordu garrantzitsu bat Aire Zabaleko Zinema programa izango da: uztailaren 22tik irailaren 3ra bitartean, Play Gasteiz elkartearen eskutik.

Halaber, bi urteren ostean, Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak Europa Jauregira itzuliko dira abuztuaren 29tik irailaren 2ra, gaurkotasuneko gaiak ardatz izango dituzten hitzaldi, mahai-inguru, emanaldi eta erakusketekin.

Irailean, Udal Folklore Akademiak antolatutako Dantza Plazan itzuliko da ere, irailaren 9an eta 16an 19:30ean Florida Parkean.

Olarizuko erromeria

Irailaren 12an, ikasturte berriarekin batera udako programazioa ixten joateko, Gasteizek Olarizuko erromeria berreskuratuko du aurten. Mugarrietara bisita tradizionala egiteaz gain, ohiko egitaraua itzuliko da zelaietara: erromeria, erraldoien eta buruhandien konpartsa, Gargantua, gaztelu puzgarriak...

Egitarau osoa eskuragarri dago gaurtik aurrera udal-webgunean. Bertan jasota daude espazio, egun eta ordutegi guztiak, eta informazio osagarria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide