Udako Haur Parkea Zabalgana auzoan egongo da ekainaren 24tik uztailaren 3ra

Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 12:10
Txirri, Mirri eta Txiribitonek 'Zoro gaitezen' ikuskizuna eskainiko dute uztailaren 1ean. / ALEA

Lehen aldiz, 14 urte arteko haurrentzako aisialdia, animazioa eta kultur zein kirol jarduerak eskainiko ditu Udako Haur Parkeak, ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean Zabalganean.

Uda honetan haurrentzako ekimen berria jarri du abian Gasteizko Udalak: ekainaren 24tik uztailaren 3ra arte, Udako Haur Parkeak 14 urte arteko haurrei zuzendutako jolaserako tokia bihurtuko da Zabalgana Hiribidearen eta Eskibel Pasalekuaren artean dagoen parkea.

Ostiral honetan 17:00etan irekiko ditu ateak, eta hurrengo asteko igandeko 14:00ak arte izango da martxan. Denbora horretan zehar, bi saio izango dira egunero: goizekoa, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldekoa, 17:00etatik 21:00etara.

Parkearen sarrerako leihatilan eta informazio-puntutan eskuratu ahal izango dira sarrerak, euro bateko prezioan. Ikuskizun guztiak, berriz, doakoak izango dira.

Hamaika eremu eta jarduera

Alde batetik, 4 urte arteko umeentzako Txikilandia eremuan puzgarriak, txirristak, zabuak, moto zein autoen zirkuituak, ludoteka eta psikomotrizitate eremua izango dira, besteak beste, baita margotzeko, plastilinarekin jolasteko eta maskarak egiteko tailerrak ere; bi urtetik gorakoak, gainera, Multi Circus trenean igo ahal izango dira. Pandemiaren ostean, ipuinen fantasiazko munduan oinarritutako ingurune segurua eskaini nahi zaie umeei, pentsamendu positiboa estimulatuz eta familien alaitasuna eta ongizate emozionala sustatuz.

Bestalde, 5 eta 14 urte bitarteko haurrek puzgarri eta atrakzio asko izango dituzte: Oihan Abentura pista handia, pista konpaktua, zezen mekanikoa eta Safari Trena, besteak beste. Horrez gain, arku-tiroa, perkusioa, clown, birziklapena, txapak eta kometak lantzeko tailerrak eta pirata tailerra izango dituzte.

Sei urtetik gorakoek esgrima tailer eta erakustaldi batean parte hartzeko aukera izango dute ere, Saarvi taldearen eskutik. Halaber, Goalball kirolean jolasten ikasteko tailerra emango du ikusteko desgaitasuna duten pertsonen Itxaropena elkarteak.

Gainera, haur guztientzat aurpegiak margotzeko eta ileko txirikordak egiteko postua egongo da.

Ikuskizunak egunero

Kultur eskaintzari dagokionez, Udako Haur Parkean izango den karpa batean, publiko guztientzako ikuskizunak izango dira egunero 18:00etatik aurrera:

  • Ekainak 24, ostirala: Los viajes mágicos, Ilusionisma
  • Ekainak 25, larunbata: Double Bill, Too Much Circus
  • Ekainak 26, igandea: Hip Hop Hup, Maggie Bernay
  • Ekainak 27, astelehena: Divertisma, Magodisma
  • Ekainak 28, asteartea: Jacuzzi, Nimú Circo Teatro
  • Ekainak 29, asteazkena: Cabaret de estilos, Magaly
  • Ekainak 30, osteguna: Ismagic, Ilusionisma
  • Uztailak 1, ostirala: El gran show, Too Much Circus
  • Uztailak 2, larunbata: Zoro gaitezen, Txirri Mirri eta Txiribiton

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide