Kantuz sortu, kantuz bizi

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko eka. 20a, 08:00

Hilean bi entsegu egin ohi ditu Gasteiz Kantuz taldeak. E.U.

13 urte bete ditu Gasteiz Kantuz taldeak. Abesbatza baino, kanta taldea da, eta kalean, hileko lehen larunbatetan 70 bat lagun biltzen dira. Kantuak batzen ditu, eta kantuan batzen dira.

Bodegoi parean eztarria berotu eta gero, Loma Jeneralaren plazara abiatu da Gasteiz Kantuz taldea. Txistulariak aurrealdean, eta soinu ekipoa garraiatzen duten gizonak gero. Ondoren datoz kantariak, hitz eta pitz, bi urteko etenaldiaren ostean asko omen dutelako elkarri esateko, eta kantu kide askok aspaldi ez dutelako elkar ikusi.

Ruben Sanchezek euskaratu duen Sebastian Iradierren Usoa abestiarekin erakarri dute Andre Maria Zuriaren inguruan dabilen pertsona ugariren arreta. Turista batzuk argazkiak eta bideoak egiteko baliatzen dute kantujira, etxera oroitzapen "tipikoa" eraman nahian; beste batzuk isilean kantatzen ausartzen dira mundu osoan hain ezaguna den melodia. Abestia amaitutakoan emakume bat hurbildu zaio Kandi Andari, hurrengo kanta non abestuko duten jakiteko eta zoriontzeko. Gasteiz Kantuz taldea dinamizatzen dabilen gasteiztarrak haiekin batera kantatzera animatu du emakumea, hain zuzen ere Gasteiz Kantuz taldearen ezaugarrietako bat baita parte hartzea erabat librea izatea.

"Ez dugu oholtzarik edo toki berezirik behar abesteko, kalea da gure bizitokia"

"Abesbatza baino kanta taldea dela esango nuke. Abesbatza bateko partaide izateko eskatzen diren baldintzak askoz zorrotzagoak dira, zalantzarik gabe. Gure taldean parte hartzeko ez dugu ezer berezirik eskatzen, taldera hurbildu, taldearen kantu liburuxka eskuratu eta antolakuntzan aritu ohi diren arduradunek esandakoa bete, batez ere taldeko zuzendariak esandakoa", azaldu du Andak.

Talde sendoa

Dena den, ekimena duintasunez atera dadin, gutxieneko antolakuntza eskatu ohi dute. Taldeko zuzendaria Juan Ramon Arbe da, ondoan musika talde handia duelarik. Izan ere, taldean bost, sei, edo zazpi, batzuetan gehiago, txistulari ibiltzen dira, atabalari bat, kaxoijole bat, flauta-jotzaile bat, panderojole bat… ere izaten dira, "eta haien laguntzaz kantuek distira gehiago izaten dute. Ekimen berezietan musikari taldea handitu egiten da, soinulariak, gitarristak eta abar".

Gutxieneko antolakuntza bermatzeko, hilean bi entsegu egin ohi ditu Gasteiz Kantuz taldeak, eta ekimen berezien aurrean gehiago. "Entseguetara 40, 50 bat lagun agertzen dira. Entseguetara hurbiltzen ez direnei entseguetan landutako abestien zerrenda igortzen diegu haien kabuz lan ditzaten". Andak azaldu duenez, batzuetan kantuak oso ezagunak, herrikoiak izaten dira eta lantzeko orduan ez da izaten inolako arazorik. "Hain ezagunak ez direnean edo berriak direnean, ordea, kantak grabatu egiten ditugu eta audioak posta elektronikoen bidez helarazten dizkiegu".

Entseguetan landutako errepertorioa kalera ateratzeko formula kantu-jira da, taldearen ekimenaren muina."Gehienetan hiri erdiko kaleetan barrena egiten ditugu, noizbehinka auzoetara ere agertzen gara. Lauzpabost gune aukeratzen ditugu, bakoitzean lau, bost bat abesti egin eta ostean beste gune batera, eta horrela bi ordu bitartez". Alde Zaharreko Almendrako azokarekin batera egin dute azkena, jende ugariz inguratuta. "Gu entzun edo gurekin batera abesteko jende gehiago dagoenean, guretzat erakargarriagoa da".

Hamahiru urteko ibilbidea

Gasteiztik kanpo ere ateratzen da taldea. Gernikara, Sanferminetara, Otxandiora, Donostiara, Maulera, Baionara, Bilbora eta abarretara atera dira azken urte hauetan, maiz. "Urtean, batez beste, hogei bat aldiz ateratzen gara abestera. Aurten hamahiru urte bete ditugu, baina pandemiaren ondorioz azken biotan gutxiago egin ditugula kontuan hartuta, 230 bat esan genezake. Hauei,  eginiko irteerak gehitu behar  zaizkio", zehaztu du Andak.

Taldearen sorreraren data zehatza ezin dela jakin esan du, baina kalean era antolatuan atera ziren lehen eguna ondo gogoan dute Gasteiz Kantuzeko kideek: 2009ko martxoaren 25ean, 16. Korrikaren amaieraren bezperan izan zen. Edizio horren leloa Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira izan zen. "Guk, nolabait,  antzeko leloa erabiltzen dugu Gasteiz Kantuz taldera jendea erakartzeko, Ongi etorri euskaraz abestu nahi dugunon taldera. Kalean sortu eta kalean bizi garela esan genezake, ez dugu oholtzarik edo toki berezirik behar abesteko, kalea da gure bizitokia".

"Gasteiz Kantuz euskararen arnasgunea da, hori da taldearen ezaugarri nagusia"

Halere, Gasteiz Kantuz ez da abesteko taldea bakarrik, eta ez da abesteko bakarrik jaio, "euskaraz abesteko jaio den taldea da", azpimarratu du Andak. Hori da taldearen ezaugarri nagusia, ezbairik gabe, "Gasteiz Kantuz euskararen arnasgunea da. Euskara da guren artean komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza; batzuetan, oso gutxitan, eta beharrezkoa dela ikusten dugunean, gaztelaniara jotzen dugu". Era berean, euskal kultura, kantuen bidez, sustatu nahi dute, "non eta Arabako hiriburuan, Gasteizen, zazpigarren alaba omen den herrialdean, beraz, ez da lan makala".

Kantatzeko, ahotsa bezain garrantzitsua da kantutegi osatua eta egokia izatea, eta Gasteiz Kantuzek bi kantutegi argitaratu ditu orain artean, bigarrena 2019an. Bertan Euskal Herri osoko abestiak jasotzen dira eta baita beste batzuk ere. "Gehienak herrikoiak eta aski ezagunak, kanta ezagunen bertsioak ere aurki daitezke. Guztira 340 bat kantek osatzen dute kantutegia eta kantu jiretan salgai izaten da edonork eskura dezan", azaldu du Andak.

Taldeak ere baditu beste bi ezaugarri: lepozapia eta txapela, non taldearen ikurra agertzen den. 

Erlazionatuak

Gasteiz Kantuz taldea, aste honetako ALEAn

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022 eka 19 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago