Asexoriak, gazteentzako sexualitateari buruzko aholkularitza-zerbitzuak, 25. urteurrena egin du, 10.000 kontsultari erantzuna emanda. Hain zuzen ere, Gasteizko Udalak 1987an jarri zuen martxan zerbitzua, Emaizerekin batera, eta 14 urtetik 30era bitarteko gazteei, ikastetxeei, elkarteei eta familiei aholkularitza ematen die geroztik. Ana Ramirez de Okariz (Gorrebusto, 1967) zerbitzuaren koordinatzaile sexologikoa da hasieratik, eta ondo ezagutzen du zerbitzua. "Ez diogu galderari erantzuten, baizik eta pertsonari, gure zerbitzua pertsonen neurrira eginda dago".
Asexoriaren 25 urteko balantzean argi-ilunak egongo dira. Zer izan da zuri eta zer beltz?
Egun, oraindik, sexualitatea ez da behar bezala kontuan hartzen, ez hezkuntzan ez arlo komunitarioan, eta horrenbestez, batzuetan, badirudi hasten ari garela; etengabe hasten ari gara ez daudelako zutabe finkoak, sexu hezkuntza ez dagoelako errotuta. Aholkularitzan, gure helburua beti izan da pertsona guztiek bere burua ondo ezagutzea, onartzea, eta bakoitza nor den modu egokian erakustea eta bere jokabideak modu positibo batean bizi izatea. Hori da oraindik gure helburua; kontua da, gaur egun gure gizartean gauzak oso azkar doazela, eta abiadura motelagoa behar da sexualitatea lantzeko. Gaur, arazoak sortzen dira ez dugulako aukerarik hausnarketak egiteko, eta hori duela hogeita bost urte ez zen gertatzen.
"Familiak pornografiarekin asaldatzen ari dira, entzun dutelako zortzi edo hamar urterekin umeek pornografia ikusten dutela"
Errazagoa zen orduan?
Errazagoa zen gelditzea, hausnartzea. Gizarte mailan, gainera, bazegoen aniztasun sexualaren inguruan gizarte mugimendu eta elkarte asko, aniztasun handia zegoen, eta oso sare eskuzabala. Asexoriatik hiru kanpaina sortu genituen sare horretatik, eta hori gaur egun pentsaezina da, ezinezkoa da; elkarte gutxiago daude eta gizartea ez da lehen bezala mobilizatzen, indibidualistagoak bihurtu gara.
Jende gaztearen sexualitateari erreparatzearen garrantziaz ohartzen al da gizartea?
Sexualitatearen garrantziaz jabetzen gara arazoak sortzen direnean. Sute baten aurrean makineria guztia martxan jartzen dugu.
Indarkeriaren aurrean, esate baterako?
Indarkeriaren aurrean edo homofobia eta transfobia kasuak daudenean, sexu abusuak daudenean, bikotean tratu txarrak daudenean… Horrelakoak gertatzen direnean, institutuetan edo familian bat-batean konturatzen dira zerbait egin behar dela, baina, gure ustez, oso garrantzitsua da hasieratik urratsak egitea, alegia harremanei buruz, bikote harremanetan gertatzen ari denaz hitz egin behar da…
Familian eta eskolan ez da gai horretaz hitz egiten?
Ez dut ezetz esango. Baina presaka ibiltzeak ez du laguntzen. Adibidez, familiak pornografiarekin asaldatzen ari dira orain, entzun dutelako zortzi edo hamar urterekin umeak pornografia ikusten hasten direla, eta jakin nahi dute nola heldu gaiari; baina ez dira konturatzen lehenagotik hasi behar garela sexu hezkuntzarekin, oso inportantea dela tresnak ematea gazteei pornografiaren aurrean jokatzen jakiteko. Ez dizkiegu tresnak ematen, bakarrik kontuz ibiltzeko esaten diegu, eta tresnak eman behar dizkiegu haiek, bere kabuz, bere sexualitatea ondo garatzeko, beren burua etabesteena ere behar bezala zaintzeko.
Hamalau eta hogeita hamar urte arteko lagunek jo dezakete Asexoriara aholku bila. Zer kezka dituzte?
Identitate sexualari buruz eta aniztasun sexualari buruz asko. Duela gutxi arte, jendeak pentsatzen zuen hemen antisorgailuez hitz egiten genuela, arriskuez, erotikaz, baina jasotzen ari gara kontsulta asko gorputza eta identitate sexualaren inguruan, edo bizipenekin, nola sentitzen zaren emakume edo gizon bezala, subjektu sexual bezala ere nolako harremanak dituzun besteekin… Erotikaz ere galdera asko daude, koitoarekin lotutakoak esate baterako, gizarte honetan koitozentrismoak arazo asko eragiten ditu, bizipen txarrak, askok uste dute orgasmoa sentitu behar dutela koitoarekin, eta beste batzuk uste dute arazo bat dutela ezin dutelako koitoa egin. Eta bikoteen kontsultak ere jasotzen ditugu, liskarren ingurukoak, mugikorraren erabilerari buruzkoak… Bikotea asko landu behar da, maitasun erromantikoak edo pornografiak eragin handia dute, baina beste hainbat arazo daude, patriarkatuak oso tentakulu luzeak ditu, eta maskulinitatea eta feminitatea asko landu behar dira.
"Neska eta mutilen artean, uste dut, gehienek onartzen dutela aniztasun sexuala"
Sexuarekiko zer jarrera aldaketa antzeman duzu urte hauetan?
Duela 80 urte, jarrera debekatzailea zegoen, debekua eta bekatua. Ondorengo belaunaldian, permisiboak izaten hasi ginen, arau batzuen barruan jakina, hogei urterekin koitoa egin gabe baldin bazenuen, adibidez, friki bat zinen. Gaur egun, jarrera debekatzaileak berriro hazten ari dira, Vox eta enparauekin. Aniztasun sexualaz hitz egiten badugu, adibidez, ikus dezakegu jarrera homofobikoak eta transfobikoak zabaltzen ari direla.
Jasotzen dituzuen kontsultetan horrelako arazoak ikusi dituzue?
Guk Asexorian ez dugu horrelakorik bizi izan. Neska eta mutilen artean, uste dut, gehienek onartzen dutela aniztasun sexuala. Nahiz eta gero komentario inozoak egin, badakite desiraren modu asko daudela. Familietan, gainera, seme-alaba homosexualak oso erraz onartzen dituztela ikusten ari gara. Hor aldaketa egon da.
Zer erronka ditu zerbitzuak aurrera begira?
Etortzen direnak nahi dutelako etortzen dira, bere borondatez, gehiago ikasi nahi dutelako, bere burua hobeto ezagutu nahi dutelako, eta gure erronka da egoera berrien aurrean neska eta mutil horiei tresnak ematea, ahalik eta informaziorik onena eta objektiboena eskaintzea. Guk ez diogu galderari erantzuten, baizik eta pertsonari, gure zerbitzua pertsonen neurrira eginda dago