Indarkeria matxistarekin lotutako atxiloketa gehiago Gasteizen. Arabako hiriburua Barakaldoko azken hilketa matxista salatzeko mobilizatuko den egun berean, Udaltzaingoak jakinarazi du asteburuan bi gizonezko atxilotu dituztela Alde Zaharrean, genero indarkeria delituak egotzita.
Larunbatean 22 urteko gazte bat atxilotu zuten Erdi Aroko hirigunean, bide publikoan bere bikotekidea jotzeagatik. Gertakaria ikusi zuten lekuko batzuek Udaltzaingora deitu zuten, eta, bertaratutakoan, udaltzainek egiaztatu zuten gizonezkoak emakumea besoetatik atxikita zeramala indarkeriaz. Ondorioz, atxilotu egin zuten.
Bigarren atxiloketa igandean izan zen: udaltzainek 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bere bikotekide ohiak Aldabe inguruko etxebizitza batean eraso egin ziola salatu ostean. Ustezko erasotzaileak etxebizitzatik alde egin zuen, baina udaltzainek inguruan topatu zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.