Apirilaren 26an, emakume bat hil zen Gurutzetako ospitalean, Barakaldon (Bizkaia). Artatu zuten osasun langileek indarkeria zantzuak antzeman zituzten emakumearen gorputzean, eta ostegunean Ertzaintzak bere semea atxilotu zuen, heriotzarekin zerikusia izatea egotzita.
53 urteko gizonezkoak ziurtatu du adineko amak erorikoa izan zuela, baina Ertzaintzaren ikerketak ondorioztatu du lesioak ezin zirela eroriko baten ondorio izan. Hortaz, Barakaldoko instrukzio-epaitegi batek prozedura zabaldu du, eta ikerketak aurrera jarraitzen du. Gainera, ikertzaileek egiaztatu dute biktimak hasieratik ez zuela jaso beharrezko arreta.
Gertakari horien aurrean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu du, eta astelehen honetarako mobilizazioak deitu dituzte, bai Barakaldon, bai Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Gasteizen ere elkarretaratzea egin dute, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan. Mugimendu feministak salatu du 2022an indarkeria matxistak bi emakume hil dituela Euskal Herrian.