Bakh hedatzea baimenduko du Jaurlaritzak, Salburuko hezegunea babesteko neurriekin

Erredakzioa 2022ko eka. 9a, 16:30
Baskoniaren kirol hiriaren zenbait instalazio hartuko dituen eremua. / GOOGLE EARTH

Baskonia-Alaves taldeak baimena izango du Bakh-en hedatze lanetarako, baina Salburuko hezegunea babesteko zenbait neurri bete beharko ditu: besteak beste, biodibertsitatea babestea, urbanizazioaren eraginak murriztea eta habitatak lehengoratzeko baldintzak.

Eusko Jaurlaritzak EHAAn argitaratu du Josean Kerejetaren Euneiz unibertsitate proiektu pribatuaren barruan Bakh-en instalazioak hedatzeko baimena, Salburuko hezegunearen eremu naturalarekiko ondorio nabarmenak izango dituen arren.

Ingurumen inpaktuaren txostenaren arabera, 1. zonaldearen urbanizazioak KBEaren eremuan kontserbazio elementu komunak diren espezie edo habitatak ezabatzea edo eragitea ekarriko luke. Gainera, putzu bat eta anfibio zein ornogabe espezieak mugitu beharko dira, eta sahatsak eta haritzak birlandatu beharko dira.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ondorio horiek daudela onartu duen arren, "natura ondarea babesteko neurriak" eta zenbait neurri zuzentzaile ezartzeko baldintza jarri dio proiektuari:

  • Bermatzea biodibertsitatea galduko ez dela eta ez dela eraginik izango Salburuko KBE/BBEan kontserbatu beharreko fauna eta florako habitaten zein espezieen kontserbazio egoeran.
  • E3 enklabearen urbanizazioak eta eraikuntzak Salburuko KBE/BBEan eta, bereziki, Betoñuko putzuan dituen ondorioak arintzea, eraikuntza fasean zein fase operatiboan.
  • Planean aurreikusitako jarduerak gauzatuz ezabatuko diren habitatak leheneratzeko aukera ematea, KBE/BBEaren organo kudeatzaileak planteatutako neurri zuzentzaileak eta konpentsazio neurriak aplikatuz.
  • Baskoniak hezegune berri bat sortu beharko du, egungo hezegunearen gainean eraikitzean kenduko dutena ordezkatzeko.
  • Fauna eta floraren gaineko eragina murrizteko lanak.
  • Uraren kalitatea ez jaisteko eta zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide