Musika eta memoria, bermut artean

Erredakzioa 2022ko eka. 7a, 18:30
Memoria Gara ekimenaren prentsaurrekoa, Jimmy Jazz aretoan. / ALEA

Martxoaren 3ko sarraskiaren Memoriarako Zentro baten aldeko Memoria Gara egitasmoak M3moria bermut musikatua antolatu du iganderako. La Excavadora, Don Inorrez, Pasadena, MICE eta El Callejón de Cachán arituko dira Jimmy Jazz aretoan.

Memoria Garak salatu du Martxoaren 3ko sarraskiaren agertokian —Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan— Memoriarako Zentro bat sortzeko proiektua "blokeo" egoeran dagoela, eta erakundeen aldetik ez dagoela berritasunik. "Ez dugu inolako berririk ezarri beharreko metodologiari buruz, uste dugun helburuan erakundeekin eraginkortasunez parte har dezagun. Uste dugu beharrezkoa dela lankidetza formula bat adostea, metodologiak ezartzeko eta prozesuan Martxoak 3 Elkarteari eta Memoria Garari ikusgarritasuna emateko", aldarrikatu dute bi elkarteen bozeramaile Josu Santamarinak eta Nerea Martinezek.

Hala ere, herri ekimenak aurrera jarraitzen du, besteak beste, proiektuaren sozializazioarekin. Testuinguru horretan, Memoria Garak eta Martxoak 3 Elkarteak musika eta oroimena uztartuko dituen saio berezi bat antolatu dute elkarlanean igande honetarako, ekainaren 12rako, Jimmy Jazz aretoan, etorkizuneko Memoriarako Zentroan "musika ere protagonista" izango delako. M3moria bermut musikatua izenburupean, La Excavadora, Don Inorrez, Pasadena, MICE eta El Callejón de Cachán taldeak arituko dira 12:30etik 14:00etara bitartean. Sarrera doakoa izango da, eta talde bakoitzak bere diskografiako laupabost joko ditu oholtza gainean.

Jaialdi honen bitartez, "Kulturak oro har eta musikak bereziki memoria kolektiboari egiten dioten ekarpena baloratu" nahi du Memoria Garak. "Izan ere, azken hamarkadetan abesti askok eman dituzte aditzera, bai 1976ko sarraskiaren salaketa, bai harrezkero Martxoaren 3a ordezkatzen dituen balioak. Kultur ondare handi horrek herriko memoria elikatu du, eta omenaldia egin nahi diogu musikak Martxoaren 3ko oroimen hori bizirik mantentzeko egin duen ekarpen handiari", azaldu du Josu Santamarinak.

"Lluis Llach-en Campanades a morts sarraskiaren egun berean izango da, seguruenik, ezagunena. Baina zerrenda luzea da", azpimarratu du Nerea Martinezek. Ikerketa prozesu luze baten ondoren, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiarekin zerikusia duten 37 abesti dokumentatu ditu Martxoak 3 Elkarteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide