Agatha Ruiz de la Pradaren diseinua izango dute beira jasotzeko ontziek

Erredakzioa 2022ko ekainaren 6a

Hamabost ontzi koloretsu jarriko dituzte. / Gasteizko Udala

2021eko azken datu ofizialen arabera, gasteiztarrek 5.782 tona beirazko ontzi birziklatu zituzten guztira.

Beira jasotzeko ontzietako hondakinen birziklatze-lanak kudeatzeaz arduratzen den Ecovidriok Agatha Ruiz de la Prada diseinatzaileak sortutako hamabost edukiontzi instalatu ditu Gasteizen Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta. Diseinu esklusiboa dute eta hirian banatuta egongo dira. Gaur goizean aurkeztu dituzte edukiontziak eta bertan izan dira Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzia, Cesar Fernandez de Landa; Agatha Ruiz de la Prada enpresako kontseilari delegatua, Tristan Ramirez; eta Ecovidrioko marketineko gerentea, Jose Luis Magro.

Azaldu dutenez, beirazko ontziak birziklatzearekin lotuta Gasteizek bere gain hartutako konpromisoari esker jaso ditu edukiontzi esklusibo horiek. Hiria da 2021ean estatu osoan biztanleko beirazko ontzi gehien birziklatu zuen hiriburua. Hain zuzen ere, biztanle bakoitzeko batez besteko kopurua 22,8 kg-koa izan zen (hau da, pertsonako 78 ontzi inguru). 2021eko azken datu ofizialen arabera, gasteiztarrek 5.782 tona beirazko ontzi birziklatu zituzten guztira; hau da, pertsona bakoitzak, batez beste, 22,8 kilogramo birziklatu zituen.

Besteak beste, Frantzia kalean, Prado kalean, Foru kalean, Gasteiz hiribidean, Lovaina plazan edo Judimendi hiribidean izango dira edukiontziok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago