Txantxangorri haurreskola publikoa itxi dute, langile eta familien protesta artean

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 31

Txantxangorri haurreskolaren itxieraren aurkako elkarretaratzea. / Argazkia: ELA

Gasteizko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak Ibaiondoko Txantxangorri haurreskola publikoa ixtea erabaki dute, matrikulazioen jaitsiera argudiatuta. Langileek eta familiek sinadura bilketa bat egin dute, eta mobilizatzeari ekingo diote.

Txantxangorri haurreskola ixteko bi argudio eman dituzte Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak: alde batetik, azken urteetan matrikulazioen beherakada eman dela; bestetik, Txantxangorri gabe ere, auzoko familiek zerbitzua bermatuta dutela.

Erabaki horren aurrean, LAB sindikatuak eskatu du Txantxangorri haurreskola gaur egun dauden haurrek inguruko haurreskoletan lehentasunez matrikula bermatuta izatea: "Ulertzen dugu jaiotza tasari eta kontziliazio neurriei erantzuteko plaza publikoen kopuru nahikoa eskaintzen direla Lakua auzoan".

"Haurreskola publiko honen itxiera ematen den bitartean, onargaitza da 0-3 zikloko eskaintza pribatuari diru laguntza unibertsalak ematen jarraitzea", kritikatu du LABek, Txantxangorritik gertu dagoen zentro pribatuari buruz. "Gaur egun ematen diren diru laguntza unibertsal hauekin jarraituz gero, segregazioan sakontzen da, eta zentroen arteko matrikulazio lehia birproduzitzen da. Haurreskolak Partzuergoa nekez berrindartuko da egoera honetan".

Hortaz, Hezkuntza akordioaren testuinguruari helduta, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Haurreskolak Partzuergo publikoaren doakotasuna 2022/2023 ikasturtean abiatzea, unibertsalizazioranzko urratsak ematea, eta argitzea "zer gertatuko den itundu gabe dagoen 0-3 zikloarekin eta zentro pribatu eta itunduei eman zaien diru laguntza unibertsalekin".

Sinadura bilketa eta mobilizazioak

Bestalde, ELA sindikatuak jakinarazi du zentroko langileek sinadura bilketa bat egin dutela, eta astearte honetan, hilaren 31n, jasotako sinaduren erregistroa egiteaz gain, itxiera salatzeko elkarretaratzea egin dute, 16:30ean Txantxangorri haurreskolan bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago