Kultura da edozein komunitateren ispilu, adierazpide eta garatzeko berezko lurzorua. Gureari dagokionez, bistan da euskarazko kulturak eta euskararen erabilerak elkar elikatzen dutela, eta kulturarena, zorionez, ez dela ahulen dugun eremua. Hala ere, bertan goxo egotekoak ez garenez, saltsan dihardutenen ahotik jakin nahi ditugu dituzten ikuspuntuak, aukerak, beharrizanak, asmoak...
Jon Sanchez kazetariak bideratutako solasaldi honetan, Irantzu Lekue artista plastikoa, Miren Narbaiza musikaria eta Izar Mendiguren bertsolaria izango dira solasean: Kulturak egiten gaitu. Sortzaile, eragile, hizkuntza, harreman, espazio... aukerez.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. Iaz jarri zuten hazia, eta aurten eragiten jarraitzeko asmoarekin datoz, Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortu, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.
Otsailaren 22an hasita eta maiatzera bitartean, lau saio izango dira aurten Oihaneder Euskararen Etxean, Sumendi espazioan eta Salburua gizarte etxean. Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude.