Erromatarren garaira bidaiatuko du Zabalganak, ekainaren 3ra bitartean

Erredakzioa 2022ko mai. 25a, 11:40
Mariturriko Armentum aztarnategi erromatarrari balioa emango diote. / ZABALGANA BATUZ

Abian da Mariturriko II. Aste Historikoa. Aste honetatik ekainaren 3ra arte, dozenaka jarduera antolatu ditu Zabalgana Batuz auzo elkarteak, Armentumeko aztarnategi erromatarrari balioa emateko asmoz.

Astearte honetan hasi eta ekainaren 3ra arte luzatuko da Armentumeko II. Kultur Aste Erromatarra, Zabalgana Batuz auzo elkarteak Udalaren, Aldundiaren Arkeologia Sailaren, Arabako Arkeologia Institutuaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatutako ekimena.

Mariturri sektoreko aztarnategi erromatarraren garrantzia nabarmendu nahian, herritar guztientzako jarduera kultural eta sozialak izango dira egunotan. "Erromatarrek aztarna aipagarria utzi zuten gure hirian, eta horietako bat da, hain zuzen ere, Mariturriko aztarnategia", azpimarratu du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak. Bere aldetik, Alain Larreina Zabalgana Batuz elkarteko kideak nabarmendu du ekimena "bizilagunen sozializaziorako eta topaketarako aukera" dela, "ondarearekin eta historiarekin lotutako baliotik" haratago.

Jardueren artean, besteak beste, honakoak izango dira: erakusketa ibiltaria Mariturriko eskoletan eta saltokietan, tailerrak, barraka ekologikoak, kaleko antzerkia, parkourreko jarduerak, ikuskizun akrobatikoak, birsorkuntza historikoak, familia osoarentzako ginkana, dokumentala, desfile bat eta amaierako kalejira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide