3.000 emakumek korrika egingo dute Emakumearen Lasterketan, ekainaren 5ean

Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 18:25
Emakumearen Lasterketaren aurreko edizio bat. / ALEA

Datorren asteko igandean, ekainaren 5ean, minbiziaren aurka arrosaz jantziko da Gasteiz. Emakumearen Lasterketak bost kilometro eta erdiko ibilbidea egingo du, Mendizabaleko aparkalekuan irteera eta helmuga izanik.

Gasteizera itzuliko da laster Central Lechera Asturianaren Emakumearen Lasterketa. Ekainaren 5ean, 3.000 partaide inguru bilduko ditu marea arrosak, hirigunean zehar 5,5 kilometro inguruko ibilbide berrituan. Irteera (10:30ean) eta helmuga Mendizabalako aparkalekuan izango dira, eta hainbat nobedade izango ditu aurtengo edizioak.

Besteak beste, lasterketaren ostean, ordubete baino gehiagoko fitness eta aerobic jaialdia egingo da. Horrez gain, ekainaren 4an, Iradier Arenako hitzordua berreskuratuko dute, lasterkariek Oyshoren elastiko ofizialak eta poltsa jasotzeko, 10:00etatik 20:00etara bitartean.

Ohikoa denez, zirkuituaren amaieran, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteari 75.000 euroko dohaintza egingo diote, eta esparru ugaritan emakumeak babesteaz arduratzen diren hiru fundaziori laguntza ekonomikoa emango zaie: Wanawake Mujer, GEICAM fundazioa eta Clara Campoamor. Bestalde, Pulseras Rosas elkartea postua jarriko du parte-hartzaileek beren ilea dohaintzan eman eta baliabiderik ez duten emakume minbizidunentzako ileordeak erosten laguntzeko.

Gainera, Gasteizen ASAMMA Emakumeen elkartearen (Bular eta beste minbizi Ginekologikoren bat duten Arabako Emakumeen Elkartea) alde %100 solidarioak diren 50 dortsal eskuratzeko aukera egongo da. Azkenik, Z Zurich Foundationek proiektu horretarako zein zirkuituko tokiko zortzi proiektu solidarioetako bakoitzerako bildutako zenbateko osoaren %50 emango du.

Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioa, Montehermoso Jauregian, eta bertan izan dira Livia Lopez Kirol eta Osasuneko zinegotzia, Martin Fiz Emakumearen Lasterketaren presidentea, Clara Campoamor elkarteko Elena Sagaseta, Zuriñe Blasco Adelpriseko presidentea, AECC elkarteko Naikare Diaz, eta Marisol Diaz de Cerio Assamako presidentea. Haiekin batera, Berta Arbaizar eta Nieves Zarza atletak izan dira, lasterketaren irteeran omenaldia jasoko baitute.

Emakumearen Lasterketaren aurtengo edizioaren aurkezpena. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide