Lehiaketara atera da Principal Antzokia eraberritzeko proiektua

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 11:15
Principal Antzokia, gaur egun. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak Principal Antzoki berriaren proiektua lehiaketara atera du: kontratua sinatzen den unetik, 665.500 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko epea izango du enpresa esleipendunak.

Principal Antzokia eraberritzeko ibilbide gorabeheratsuan, astelehen honetan erreformaren proiektua kontrataziora ateratzea onartu du Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak. Horrela, azterlanak mahai gainean izanda, esleipendun taldeak sei hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu txosten guztiak: proiektu teknikoak, jarduerarenak eta exekuzioarenak, instalazioen proiektu espezifikoak, segurtasun eta osasun azterketa, hondakinak kudeatzeko eta kalitatea kontrolatzeko proposamena, eta obraren zuzendaritza.

Udal gobernuak 665.5000 euroko partida bideratu du, ehunka urteko historia duen Gasteizko kultur azpiegitura nagusia hobetzeko eta berritzeko, bere balio arkitektonikoa errespetatuz. Besteak beste, punta-puntako ekipamenduak aurreikusi dituzte, diziplina anitzeko ikuskizunak hartu ahal izateko.

"Principal Antzokia eraberritzea lehentasunetako bat zen, eta herritarrek zein hiriko kultur mugimenduak aspaldidanik espero zuten albistea", ospatu du Ana Oregi alkateorde eta Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzako zinegotziak, bera izango baita erreformaren lan teknikoen arduraduna. "Aukera guztiak aztertu nahi izan ditugu hirirako proiekturik onena izateko, Principal Antzokia XXI. mendeko antzoki bihurtzeko, irisgarritasun eta segurtasun baldintza egokiak beteko dituena, eta denboraldi bakoitzean bertara joaten diren konpainien beharrei erantzun ahal izango diena".

Hurrengo fasean, obrak

Lehiaketa amaitu eta proiektuaren diseinua esleitu ostean, eraberritze lanak iritsiko lirateke. El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, fase horretarako 7,85 milioi euroko gehienezko aurrekontua gordeko du udal gobernuak. Aurrekontu horretan, baina, ez da aintzat hartzen agertoki berriaren ekipamendua; osorik berrituko da hori, eta beste lehiaketa baten bidez kontratatuko da.

Horrela, Opera eraikina integratzeko proposamena baztertuta, behin betiko eraberritzea askoz eskuragarriagoa izango da; izan ere, proiektu horretarako 40 milioitik gorako aurrekontua aurreikusten zen.

Erreformaren gakoen artean, gaur egun dituen 984 eserlekuetatik 200 inguru galtzea egongo da, espazioa irabazi eta sarbideak hobetzeko asmoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide