Komikiteka txikia aurkeztuko dute gaur Salburuko gizarte etxean

Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 11:30
Komikiteka aurkezteko hainbat jarduera izango dira. / Gasteizko Udala

400 komiki eta manga berri erosi dituzte, eta txikientzako gune espezifikoan egongo dira.

Salburuko gizarte etxeko liburutegiak Komikiteka txikia inauguratuko du gaur, auzoko neska-mutilen artean irakurketarekiko zaletasuna sustatzea helburu duen gune berria. Horretarako, Udal Liburutegien Zerbitzuak 400 komiki eta manga berri erosi ditu eta txikientzako gune espezifikoan egongo dira.

Ekimena hiriko auzo honetan abian jarritako Aisian Auzoan proiektuaren barruan garatu dute. Gizarte-etxeak ez ezik, udal-zerbitzuek, auzoko ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek, bertako gurasoen elkarteek eta zonaldeko kirol eta kultura arloko beste elkarte batzuek ere hartu dute parte ekimenean.

Komikiteka txikia aurkezteko asmoz, ekitaldi hauek antolatu dituzte Salburuko gizarte etxean:

  • Ostirala, maiatzak 13: Inaugurazio-jaia: bertan izango da Ilustrapadoseko Alex F. ilustratzailea eta bertaratzen direnek, "ilustromatoia" izeneko ekimenaren baitan, 2 minututan erretratuak marrazten lanean ikusteko aukera izango dute zuzen-zuzenean.
  • Asteartea, maiatzak 17: Nola egiten dira liburuak? tailerra: Maite Mutuaberria ilustratzailearekin. Bertaratzen direnek beren liburua sortzeko aukera izango dute ekoizpeneko prozesu osoa praktikan jarrita: koadernaketa, ilustrazioa, hitzak…
  • Osteguna, maiatzak 19: Bisita gidatuak familia-liburutegira. Bertaratzen direnek liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzu ugariak (liburu eta filmen mailegua, irakurketa sustatzeko jarduerak, ordenagailuen erabilera…) eta funtsen antolaketa ezagutzeko aukera izango dute.
  • Igandea, maiatzak 22: Tximinoen izarra animazioko filma. Kalakalaben eskutik, ikusleek Suediako Linda Hambäck zuzendariak egindako eta GazteFilm Festek euskaratutako filmaz gozatzeko aukera izango dute.

Inaugurazio-jairako eta familia-liburutegirako bisita gidatuetarako sarrera librea izango da, tokiak bete arte. Tailerrerako izen-ematea online edo edozein gizarte-etxetan edo kirol-instalaziotan (pilotalekuak izan ezik) egin behar da eta dagoeneko zabalik daude. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide