EHUren Arabako campuseko errektoreordetzak eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak (EMMOA) elkarlanari esker, aste honetan euskal mendizaletasunaren historia 22 paneletan jasotzen duen erakusketa aurkeztu dute, campuseko unibertsitate pabiloiko erakusketa aretoan. Mendian gora, euskal mendizaletasunaren historia izeneko erakusketa maiatzaren 26ra arte izango da.
Bildumaak Euskal Herriko mendizaletasunaren historiako giltzarri nagusiak gogorarazi nahi ditu. Berariaz erakusketarako osatu diren hogei azalpen panelekin batera, balio sinboliko handiko materialak ikus daitezke erakusketan, itzal handiko mendizaleek edo horien senitartekoek EMMOA Fundazioari emandakoak. Halaber, erreferente izan diren mendizale arabar zenbaiten lehen planoak paratu dituzte, iraganeko, oraingo edo etorkizuneko mendizaleenak.
Erakusketaren ezaugarri nagusia zera da: kasu guztietan, jatorrizko materialak erakutsi dira, benetakoak. Esate baterako, 1924ko lehen eskalada hartako iltzea ikus daiteke (Fraile mendikoa), edota Martin Zabaletak 1980an Everest mendiaren gailurrean zabaldu zuen ikurrina, edo gaur egun Pou anaiek munduan zehar eskalatzen dabiltzanean erabiltzen duten materiala. Mendizaleak garaian garaiko arropekin ikus daitezke gainera. QR kodeak ere jarriko dira, edukietan lasaiago sakontzeko eta erakusketako jantzi edo gauza bakoitzaren atzean dagoen historia ezagutzeko.
Erakusketa ibiltaria
Gasteizen, 2020ko abenduan hasi zuen bere ibilbidea orain campusera hurbilduko den erakusketak. Hain zuzen, hiriburuko zabalguneko hamar erakusleihotan izan ziren euskal mendigoizaletasunaren historia errepasatzen duten panel informatiboak eta materialak. Gainera, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Olagibel saria eman zion Mendian gora Gasteizko kaleetan egindako erakusketari. Ordutik, Donostian eta Bilbon jarri dute, baita Legazpin eta Gorbeiako parkean ere.
EMMOAren lana
Mendiarekin lotutako ondarea galtzeko arriskuaz eta kirol horrek Euskal Herrian duen garrantzi sozialaz jabetuta, mendizale talde batek lanketa egin du azken urteetan. Euskal Mendizale Federazioaren eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioaren bermearekin, EMMOA (Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioa) sortu zuen talde horrek, "gure garapenaren testigantza material adierazgarriak bildu, kontserbatu, zabaldu eta erakusteko helburuarekin".
Dohaintzetan oinarrituta, mendizaletasunaren gaietan espezializatutako liburutegi handi bat prestatzen ari dira; artxibo dokumental bat, fototeka bat, hemeroteka bat eta balio historikoa duten piezen gordailu bat sortzen ari dira azken urteetan. Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak Donostian du bere egoitza, eta Zuhaizti kiroldegian dago kokatuta.
Arabako EHUko campusean ikusgai dagoen erakusketa mendizale talde horren lanaren emaitza da, eta urte hauetan bildu dituzten hainbat objekturen berri izateko aukera ematen du.