Udal Bandak denboraldia agurtuko du 'Carpe Diem' kontzertuarekin

Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 10:15
Javier Bonet tronpa-jotzaileak parte hartuko du, bakarlari gisa. / Argazkia: javierbonet.com

Asteazken honetan, Gasteizko Udal Bandaren abonamenduaren azkena izango den Carpe Diem kontzertuan, Javier Bonet tronpa-jolea arituko da bakarlari gisa, eta Raquel Sanchez konpositore gazteak The Open Window lana estreinatuko du.

Iristear da Gasteizko Udal Musika Bandaren abonamenduko denboraldiaren amaiera, eta zazpigarren eta azken kontzertua aurkeztuko du asteazken honetan, maiatzaren 11n, 19:30ean Principal Antzokian. Carpe Diem izenburupean, oraingoan Javier Bonet tronpa-joleak hartuko du parte bakarlari gisa, Bandarekin batera.

Bandak lehen aldiz interpretatuko ditu Guy Woolfendenen Gallimaufry eta Oscar Navarroren Connection obrak, eta, gainera, Raquel Sanchez (Lliria, Valentzia, 1994) konpositore gaztearen The Open Window lanaren estreinaldia izango da. Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan, Luis Orduña zuzendariak Sanchezen eta Boneten elkarlana eskertu du.

Bere aldetik, tronpa-joleak Oscar Navarroren obraren barruan interpretatuko duen pieza baten inguruan sakondu du: "Musikaren kalitatea eta publikoak erraz entzuteko lana uztartzen ditu. 2019an, konpositoreak berak zuzenduta, Bangkoken eta Moskun lehen aldiz jo nituenetik, gehien eskatzen didaten kontzertua bihurtu da", azaldu du Bonetek. Espainiako Orkestra Nazionaleko tronpa-jolea da, bai eta tronpa zein tronpa naturaleko irakaslea ere, Kataluniako Musikako Goi Eskolan (ESMUC).

Sanchezek 2018an idatzi zuen The Open Window, Sangharákshitaren Ikuspegia eta eraldaketa liburua irakurri ostean, eta Budak argiztapenera iritsi arte eman zituen urratsak jorratzen ditu: "Off ahots batek publikoa gidatuko du, mezuak hobeto ulertzeko, eta zati batzuetan Bandak koruan kantatuko ditu sanskritoz idatzitako mantra budisten letrak. Espero dut musikak publikoa eramatea eta bidaia musikal eta espiritual honekin gozatzea", azaldu du konpositoreak. Castelloko Goi Kontserbatorioan graduatu zen, eta Film Scoring masterra egin zuen Valentziako Berklee College of Music musika eskolan.

Luis Orduña zuzendaria, Raquel Sanchez konpositorea eta Javier Bonet tronpa-jolea.
Argazkia: GASTEIZKO UDALA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide