Andetxa kontzejuaren zazpi mendeko historia bildu dute liburu batean

Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 20:00
Andetxako Done Mikelen eliza. / ALEA

Andetxa liburuan, XIV. mendearen amaieratik XXI. mendera arteko Gasteizko kontzejuaren historia jaso du Emilio Alfredo Martinez de Mendibil Garcia de Albenizek.

Astelehen honetan aurkeztu dute Andetxa, Andetxako Administrazio Batzarrak 2016an Emilio Alfredo Martinez de Mendibil Garcia de Albeniz bizilagunari enkargatutako liburua. Azken urteak eman ditu Arabako Foru Aldundiaren babesa duen liburuan lanean.

Martinez de Mendibilek XIV. mendearen amaieratik XXI. mendera arte herriaren eta haren inguruen bilakaera ulertzeko erreferentzia historiko eta herrikoi nagusiak ikertu, bildu eta liburuan jaso ditu. Horretarako, besteak beste, herriko berezko dokumentuak bildu dituzte, baita eremu zabalagoko beste batzuk ere: 1606ko Ordenantzak, Kontuen Liburuak, Infantadoko duketzaren dokumentuak edota Gasteizko Elizbarrutiko artxibo historikokoak.

Kontzejuaren izena 1025ean agertu zen lehen aldiz Donemiliagako goldea dokumentuan (1883an argitaratua), Donemiliaga Kukula udalerriko San Millan de Susoko monasterioari (Errioxa) zerga ordaintzera behartuta zeuden 300 bat herriren artean.

"Irakurleak denbora lerro bat marraztu ahal izango du, eta Andetxako herrian denborak izandako joanari eta mugarri soziopolitikoek herriaren zein bertako jendearen bilakaeran izan duten eraginari erreparatu", azaldu dute 400 orrialde inguruko liburua aurkezteko prentsaurrekoan.

Liburua laster aurkeztuko dute, besteak beste, Andetxan bertan eta Ignacio Aldekoa Kultura Etxean. 12 euroko prezioan erosi ahal izango da liburu dendetan, eta, era berean, ohiko liburutegietan topatu ahal izango da, bai Araban, bai mugakide diren beste herrialde batzuetan ere.

Liburuaren egilea, Ana del Val foru diputatuarekin eta Jose Luis Alonso Quilchano Administrazio Batzordeko presidentearekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide