Ander Barrio de Riojak eta Eneritz Iraolak irabazi dute Martin Fiz Maratoia

Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 10:00

Martin Fiz Maratoiaren lasterketa nagusia irabazi dute Ander Barrio de Riojak eta Eneritz Iraolak. Bestalde, Maratoi Erdia Borja Abeciak eta Sara Trellesek irabazi dute, eta Pablo Benitok eta Pilar Moranek hamar kilometroko lasterketa.

Igande honetan ospatu da Martin Fiz Maratoiaren 19. edizio arrakastatsua. 42 kilometro eta 195 metroko proba nagusian, Ander Barrio de Rioja (Gasteiz - Alimco) izan zen irabazle gizonezkoen kategorian, 2 ordu, 35 minutu eta 25 segundoko denborarekin; emakumezkoen proban, berriz, Eneritz Iraola (Tolosaldea - independentea) gailendu zen, 3 ordu, 20 minutu eta 57 segundoko denborarekin.

Gizonezkoen proban, Juan Alberto Carrascal bizkaitarra izan zen bigarren, eta 52 urteko Toñin Blancok osatu zuen podiuma. Emakumezkoen kategorian, 30 urterekin maratoi proba batean debutatu zuen gipuzkoarrarekin batera izan ziren Susana Lopez eta Lurdes Alonso.

Maratoi erdia

Bestalde, 21 kilometroko maratoi erdian, Borja Abecia gasteiztarra (ordu bat, 9 minutu eta 54 segundo) eta Sara Trelles galiziarra (ordubete eta 26 minutu) izan ziren garaileak, gizonezkoen eta emakumeen kategorietan, hurrenez hurren.

Hamar kilometroko proba

Azkenik, hamar kilometroko lasterketa laburrean, Pablo Benito iazko Maratoiaren irabazleak (30 minutu eta 25 segundo) eta Pilar Moranek (36 minutu eta 29 segundo) irabazi zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide