Gasteizko prostituzio-etxe batean hildako gizon baten heriotza ikertzen ari dira

Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 09:00
Antonio de Sucre kalea, Arana auzoan. / GOOGLE MAPS

Igande goizean, 41 urteko gizon bat hil zen Gasteizko Arana auzoko prostituzio-etxe batean. Labankadaz eragindako suizidioa da hipotesi nagusia, baina Ertzaintzak ikerketa abiatu du heriotza argitzeko.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, Gasteizko prostituzio-etxe batean hildako 41 urteko gizon baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza.

Agenteak Arana auzoko Antonio de Sucre kaleko —Herrandarren kaleko saskibaloi kantxetatik gertu— burdelera iritsi zirenean, igande goizeko lehen orduetan, gizonak aizto bat zuen bularrean sartuta. Gertakaria larunbatetik iganderako goizaldean gertatu zen, eraikinaren bigarren pisuan.

Gorpuak indarkeria zantzuak bazituen ere, suizidioa da hipotesi nagusia, baina oraindik froga guztiak aztertu behar dituzte. Antza denez, gizona ostiral arratsaldean iritsi zen etxera, 30 orduz hainbat emakumeren zerbitzuak kontratatu zituen, eta drogak hartu zituen. Lekuko zuzenen arabera, 2.000 euro baino gehiago gastatu zituen.

Lekuko horien arabera, gizonak jarrera "oso biolentoa" hartu zuen prostituzio-etxetik alde egiteko eskatu ziotenean, eta sukaldean giltzapetu zuten. Une horretan, lokaleko arduradunek Ertzaintzari deitu zioten, egoera bideratzeko asmoz. Horren ostean, prostituta batzuek Ertzaintzari azaldu ziotenez, gizonezkoak sukaldean aurkitutako aizto bat hartu eta hainbat aldiz sartu zuen bere bularrean. Lehen patruilak iritsi zirenean, gizona bizirik zegoen oraindik, baina handik gutxira hil egin zen, ustez bere buruari eragindako lesioen larritasunaren ondorioz.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide