#StreetsForKids

"Kale irekiak" eskatu dituzte haurrentzat

Erredakzioa 2022ko mai. 6a, 18:41
Eskola seguruak aldarrikatu dituzte Angel Ganivet ikastetxean. IZARTEGIA

StreetsForKids ekimenera batu dira gaur Angel Ganivet ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoak, eskolen inguruko espazio seguruak eskatzeko.

Angel Ganivet ikastetxeko haurrak eskolaren inguruan  bildu dira ostiral honetan, "aire garbiagoa, zarata gutxiago eta trafikoaren ondoriozko gas toxikoak nahiz berotegi efektuko gasak murrizteko eskatzeko", Izartegia Ganivet guraso elkarteak ohar batean adierazi duenez. 

Europa osoan egin den #StreetsForKids ekimenaren barruan jolastu dira Gasteizko haurrak. Horren bitartez, haurrentzako "kale irekiak" aldarrikatu nahi izan dituzte. Espainia osoan halako ehun ekimen baino gehiago egin dira.

Gogora ekarri dutenez, "airearen kutsadurak ondorio larriak" ditu haurren osasunean. "Zuzenean lotuta dago alergiekin eta haurren asmarekin". Horrez gain, zarata maila handiekiko esposizioa antsietatearekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin lotuta dagoela nabarmendu dute. 

Azaldu duten bigarren kezka bat ibilgailuek egiten duten espazio publikoaren okupazioari dagokio. Horren kariaz, "haurrek ezin dute eskolara modu autonomoan eta seguruan iritsi, eta ia bi tonako pisua duten makinen mehatxuari aurre egin behar diote egunero". Angel Ganivet eta Abendaño ikastetxeetako umeen kasuan, berariaz aipatu dute BEI bus azkar adimendunaren "hamazortzi tonen arriskua". Horregatik, arratsaldeko jolas eta lantegiez gain, goizean batera joan dira eskolara, bide seguruak aldarrikatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide