'Euskal Herrian barrena, dantzaz jare' ikuskizuna, larunbatean Gasteizen

Erredakzioa 2022ko mai. 6a, 13:30

Partaideek askotariko jantziak prestatu dituzte dantzarako. / Irudia: JARE DANTZA TALDEA

Jare Dantza Taldeak Euskal Herrian barrena, dantzaz jare ikuskizun berria eskainiko du larunbat honetan, hilaren 7an, Gasteizko Foru plazako frontoian. Gainera, Ezpata-Dantzari Sariak emango dizkiete Aita Emiliano Ozaetari eta Gotzon Azkarragari.

Larunbat honetan hitzordu berezia izango dute Arabako dantzari eta dantzazaleek. Izan ere, Jare Dantza Taldeak, Manuel Iradier Txangolari Elkarteko partaideak, 2014an martxan jarritako zikloa burutuko du. Azken zazpi urteetan, urtero, euskal probintzia bakoitzeko dantzei eskainitako emanaldien ostean, Euskal Herri osoko dantzekin osatutako zortzigarren ikuskizunarekin amaiera emango diote egitasmoari.

Gainera, Euskal Herrian barrena, dantzaz jare ekitaldiarekin batera, Ezpata-Dantzari Sariak banatzeko aprobetxatuko dute; Jare Dantza Taldeak urtero euskal kulturarekin eskuzabaltasunez lan egiten duten arabarrei emandako sariak dira. Aurtengo bi sarituak Aita Emiliano Ozaeta —Estibalizko Santa Maria Monasterioko nagusia— eta Gotzon Azkarraga —Zuiako Bidabarri Dantza Taldeko egungo zuzendaria— izango dira.

Ikuskizuna Foru plazako frontoian izango da, 19:00etatik aurrera. Lehenago, 18:15etik aurrera, kalejira bat abiatuko da plaza horretatik, ehun dantzari eta musikari baino gehiagorekin. Partaideek dantzarako prestatutako jantzien aniztasuna dela eta, kolore ezberdin eta ezohikoak ikusi ahal izango dira Gasteizko erdialdeko kaleetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide