Euskal Herriko On Kixote eta Santxo Panza bailiran, datorren maiatzaren 18an, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek bizia emango diete Ez dok ero antzezlaneko Mikelote eta Pantxo pertsonaiei, Principal Antzokiko agertokian.
Telleriak berak sortu, Jokin Oregik zuzendu eta road movie baten antza duen obra honetan, Mikelote eta Pantxoren istorioa topatuko dugu. Biek osatutako bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa; agertokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun.
Mikelotek, ordea, ez du bukaera onartu nahi, antzerkiaren pozoia sakon errotuta baitago bere zainetan eta horrek burua galtzeraino eramango du. Egun batean, Mikelote, "antzerkilari andante" estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barna joateko, herriz herri antzeztera, "Euskal Antzerkiak behar gaitu" uste inozoarekin. Horrela, ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz.
Sarrerak 15 euroko prezioan salgai daude Gasteizko Udalaren webgunean. Gainera, ALEAk sarrera bikoitz bat zozkatuko du; maiatzaren 10a baino lehen eman behar da izena, eta hilaren 13an iragarriko da irabazlearen izena.