Martxoan itzuli ziren Parraleko astearteak, eta maiatzean iritsiko da aurtengo hirugarren egitaraua, lau bandaren eskutik. Lehen txanda maiatzaren 10ean izango da, Feline taldearen eskutik. 2019 amaieran, Bilboko ganbara baten grabaturiko Iñaki Bainiren maketa elektronikoak punk eta dark popez blaitu ziren, Ainhoak eta Rubenek entzun ostean. Hilabete batzuen buruan, mundua hankaz gora jarri zen garai hartan, ordenagailu bidezko kolpeak baterian bihurtu zituen Enekok. Horrela jaio zen Feline, eta beren lehen hamar abestiak bildu dituzte Martin Guevararen (Capsula) gidaritzapean, Silver Recording estudioan.
Bigarren hitzordua maiatzaren 17an iritsiko da, Keia taldearekin. Zarautz eta Oñatiko musikariak (Ane Arruti gidari, Egoitz Olalde baterian, Iñigo Ibarrondo baxuan eta Iker Martinez de Zuazo gitarran) bildu dituen proiektu honen lehenengo lan luzea Erregaia izan da. Ibilbide zabaleko laukote honek hamar kantuko diskoa ondu du, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal bezalako taldeetan aritu ostean. Oinarri erritmiko indartsua, gitarren presentzia handia, 90. hamarkadako rock alternatiboaren ukituak eta pop, stoner, garage edo psikodelia zantzuak.
Denbora bat isilean pasa ondoren, burua urpetik atera eta Arnasa bere hirugarren disko luzea aurkeztu du Baobabs Will Destroy Your Planet taldeak. Boskotea inoiz baino indartsuago dator Parral Tabernara, maiatzaren 24an, zortzi kanta berrirekin. Diskoa 2021eko uztailean grabatu zuten, Paco Loco ekoizlearekin, eta distortsio eta zaratek protagonismo handia hartu dute. Doinu eta erritmo zuzenak, sintetizadore eta gitarrek apainduta, atmosfera murgilgarrietan barrena.
Maiatzeko laugarren eta azken kontzertua Buridan taldearena izango da, hilaren 31n. Joan den udazkenean Viva Olarizu estudioan grabatutako lehen demoa aurkeztu dute, Nada está perdío, autoeditatua eta autoproduzitua. Rulek (ahotsa, arnasketak, gitarrak eta ahurrak), Jisahsek (gitarrak, koruak, abernuko orroak eta iskanbilak), Txus Dr. Sax-ek (baxua, koruak eta txiflidoak) eta Georgek (bateria, koruak, theremina, monotrona eta ahurrak) osatzen dute laukotea.