Noticias de Álava egunkariak argitaratu duenez, astelehen honetan ezusteko desatsegin batekin esnatu ziren EHUren Gasteizko campusaren inguruko Gipuzkoa kaleko bizilagunak. Izan ere, ezezagunek kale horretan aparkatutako auto guztiei eraso egin zieten.
Bandalismo ekintza horrek auto marratuak, labankadaz zulatutako gurpilak eta hautsitako leihatilak utzi zituen. Are gehiago, ibilgailuetako batean "gay" hitza marratu zuten labanaz, leihoa apurtu eta gurpila zulatzeaz gain.
Autoaren jabeak Udaltzaingoan salaketa jarri du dagoeneko. Nolanahi ere, oraingoz ez da ekintzari lotutako atxiloketarik ez identifikaziorik izan.
"Erabat errefusatzen ditugu eraso hauek. Gasteizek ozen esan du hamaika aldiz LGTBI+fobiak ez duela tokirik gure kaleetan", adierazi du Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak.
Bestalde, Bilboko hilketak salatzeko, Gasteizko E28 Koordinadorak elkarretaratzea deitu du ostiralerako, maiatzaren 6rako, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan: "Aurrean izango gaituzue. Zuen indarkeriak ez du lekurik gure auzo eta herrietan. Erasorik ez erantzunik gabe", dio kartelak.
