Bost greba egun deitu dituzte Gasteizko kirol instalazioetan hurrengo astean

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 2a

Gizarte etxeetako langileak grebara deitu dituzte. ALEA

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lanuzteak deitu dituzte, maiatzaren 10etik 14ra arte.

Gasteizko kirol instalazioetan eta gizarte etxeetan lan egiten duten sorosleak, begiraleak eta kontrolatzaileak grebara deitu dituzte sindikatuek. ELAk, LABek, CCOOk  eta UGTk bost greba egun deitu dituzte datorren asterako Gasteizen, lan baldintzen inguruan enpresekin zabaldutako negoziazioak porrot egin ostean.

Disport Eki eta Aiteko dira gizarte etxeetako kirol jarduerak kudeatzen dituzten enpresa nagusiak, baina Gasteizko udalak azpikontratatutako zerbitzuaren baldintzak zehazten ditu. Horregatik, kirol jardueretako langileek udalari eskatu diote enpresen aurrean bitartekari lanak egiteko.

Aspalditik dator gatazka

Kirol jardueretako langileen aldarrikapenak ez dira berriak, eta 2019tik hona hainbat aldiz deitu dituzte lanuzteak, lan baldintzak hobetzeko asmoz eta lan hitzarmena hobetzeko. 2020ko irailean, greba mugagabeari ekin zioten Arabako kirol jardueretako langileek. Greba deialdiak Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak ixtera behartu zuen, eta baita gizarte etxeetako ikastaro batzuk bertan behera uztera ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago