Bizikletentzako aparkaleku seguruen sarea handituko dute

Erredakzioa 2022ko mai. 2a, 16:44
Orain mota honetako hamar aparkaleku daude hirian. GASTEIZKO UDALA

Hiru aparkaleku berri jartzeko lizitazioa martxan jarri du Gasteizek: Txagorritxun, Aldaben eta Iturritxun kokatuta egongo dira.

Gasteizko Udalak martxan duen VGbiziz sarean bizikletentzako hiru aparkaleku seguru jartzeko lizitazioa abiatu dute. Horiek jartzeko gehienez 159.962 euroko bideratuko ditu udalak, Europako Batasuneko NextGenerationEU funtsen kargura. 

Udalak martxan jarri duen lizitazioaren agirietan zehazten denez, aparkaleku berriak ondorengo puntuetan kokatuta egongo dira: lehena, Txagorritxuko ospitaletik gertu dagoen disuasio aparkalekuaren inguruan, Francisco Leandro de Viana kalean. Modulu horren bitartez "mugikortasun jasangarria" sustatu nahi du autoa bertan uzten dutenen artean. Bigarrena Aldabe auzo etxetik gertu egongo da. Honekin, argudiatu dute, auzoan bizikletak gordetzeko dagoen "espazio seguruen eskariari" erantzun nahi diote. Hirugarrena Miguel Mieg kalean egongo da, eta udalak justifikatu du kokapena Txagorritxukoaren arrazoi berdinarekin; kasu honetan, Iturritxu kaleko autoentzako disuasio aparkalekuko erabiltzaileei bideratuta egongo da. 

VGbiziz sarean orain arte hamar aparkaleku seguru daude. Hortaz, berriak martxan daudenerako, orotara hirian mota honetako hamahiru aparkaleku egongo dira.

Modulu bakoitzak 9 metro luze eta 5,5 metro zabal izango ditu, eta bakoitzean gutxienez 45 bizikleta sartu ahalko dira. Horrez gain, hiru kargagailu elektriko jarriko dituzte bakoitzean: bi bizikleta normalentzat, eta hirugarren bat zama bizikletentzako. Udalak galdegin du modulu horiek "erraz desmuntatzeko modukoak izatea", behar izatekotan, etorkizunean lekuz aldatu ahal izateko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide