Maiatzaren Lehena

Haymarketen itzala, gurean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mai. 1a, 08:00
Lau sindikalista urkatu zituzten Chicagon, 1890. urtean, zortzi orduko lanaldiaren aldeko protesta baten ondoren. I.I. OF SOCIAL HISTORY

132 urte igaro dira maiatzaren lehena munduko langileen eguna izendatu zutenetik; Gasteizen, XX. mende hasieran langileen antolakuntza eta aldarrikapenak gorpuzten hasi ziren. 

1890 eta 1931 gorriz markatutako urteak dira Euskal Herriko langileen borrokaren historian. 1890ean ospatu zen lehendabizikoz Maiatzaren Lehena mundu osoan; eta 1931ko Maiatzaren Lehena apartekoa izan zen Espainiako II. Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira ospatu zelako, eta, batez ere, lehenengo ospakizuna izan zelako Lanaren Jai ofizial gisa. 

Chicagoko Haymarketeko 1886ko matxinada gogoratzeko erabaki zuen Langileen II. Internazionalaren Parisko kongresuak mundu osoan lanaren eguna ospatzea. Maiatzaren 1ean, greba orokorra hasi zen Chicagon zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Greba handik egun batzuetara bukatu zen, baina sortutako iskanbilen errudun jo zituzten zortzi sindikalista atxilotu eta haietako lau urkatu zituzten. Orduz geroztik, Chicagoko martiriak izenez ezagutzen dira langile haiek, eta Langileen Nazionarteko Eguna ospatzen da haien oroimenez. 

Bi aramaioar hilik Gallartan 

Mendebaldeko Europan, 1890ko lehen deialdiak oihartzun zabala izan zuen, eta  langile mugimenduaren antolaketaren indarra agerian utzi zuen. Euskal Herrian, berriz, Bizkaiko meatzaritzako langileen zentroetara mugatu zen deialdia. Hamar egun beranduago, gainera, meatzarien lehen greba orokorra hasi zen, mugarri garrantzitsua Euskal Herriko historian eta Estatu osoko lehenengo lan gatazkatzat har daitekeena.

Baldintza tamalgarrietan lan eta bizi ziren meatzarien greba piztu zituzten faktoreen artean, Iñaki Egaña historialariak Gallartako meatzean jasotako ezbehar bat nabarmendu du. 1890ko maiatzaren1ean, kartutxo batek eztanda egin zuen bertan, eta sei langile gazte hil ziren horren ondorioz. Horien artean, Domingo Arana eta Segundo Ruiz aramaioarrak zeuden. "Egun seinalatu horretan hil zirenak Gallartako Martiriak bezala ezagutu genitzakeen", idatzi du Egañak.

Gremioetan antolatuta

Bizkaian ez bezala, Araban, apenas dago 1890ko lehen Maiatzaren Lehenaren inguruko erreferentziarik. Luis Castells, Jose Javier Diaz Freire, Felix Luengo eta Antonio Rivera historialariek nabarmendu dutenez, garai horretako herrialdeko ekonomia nekazaritzan oinarrituta dago, eta Gasteiz zerbitzu hiria da, oso ekintzaile gutxi dituen burgesia errentadun baten hiriburua hain zuzen. "Bizkaiko industria eremuan, XIX. mendearen amaieran, klase kontzientzia zuten langileen kolektiboak egon ziren, eta horrekin batera, sozialistek nagusiki gidatu zuten langileen antolaketaren zabalpena gertatu zen", baina prozesu hori motelagoa izan zen Araban.

XIX. mendean, buruzagi sozialista batzuk saiatu ziren Gasteizko langileen lehen elkarteak sortzen

Riverak berak A la búsqueda del ser (Primeros pasos del movimiento obrero en Vitoria) saiakeran jaso duenez, XIX. mende bukaeran, buruzagi sozialista batzuk saiatu ziren Gasteizko lehen elkarte sozialistak antolatzen. "1905. urtera arte, sozialistak langileen antolaketa eraikitzen aritu ziren, eta, 1904an, 471 langile biltzen zituzten hamar elkarte eratu ziren, hiriko langile guztien %17". Sozialistak gremioen elkarte horiek UGT sindikatuan integratzen saiatu ziren, eta langileen artean sortutako batasun hori bere alderdi politikoaren aldeko indarra bilakatu nahi izan zuten, baina ez zuten emaitzik lortu. "Saio guztietan porrot egin zuten", idatzi du Riverak.

Sozialisten antolakuntzarekin batera, libertarioen federazioak ziren hiriburuan. 1882ko irailean, esate baterako, Gasteizen, bost atal zituzten anarkistek: igeltseroak, errementariak, altzari eraikitzaileak eta zapatariak, eta guztien artean 175 afiliatu. Bigarren Errepublikaren urteetan, gainera, Gasteizko anarkisten federazioa 1.300 afiliatu izatera iritsi zela diote zenbait iturrik.

Errepublikan, jaieguna

1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Madrilen Espainiako II. Errepublika. Egun horretan, arratsaldean, Gasteizko Zirkulu Errepublikanoan zinegotzi eta lider sozialistak eta errepublikanoak bildu ziren, eta PSOEko Primitivo Herrerok, gerora alkate izendatu zuten Teodoro Gonzalez de Zaratek eta Gabriel Martinez Aragonek manifestazio bat antolatu zuten, 18:00etan. Espainiako Gobernura jo zuten lehenbizikoz, eta ondoren hiriko udaletxera, botere aldaketa gauzatzeko asmoarekin. Plaza Berrian bildutako milaka herritaren txaloen artean altxatu zituzten, apirilaren 14an, Gasteizko udaletxean, errepublikaren ikurra, eta ikurrina, eta "errepublika federala" aldarrikatu zuten.

Pare bat astera, 1931ko Maiatzaren Lehena jai ofizial bezala ospatu zen Araban, Espainiako gobernuak lanegunik gabeko dekretua ezarri ondoren. Egun hori ostirala izan zen eta igande bihurtu zen. Milaka pertsona atera ziren kalera Euskal Herri osoan. Bilbon 30.000 langilek parte hartu zuten manifestazioan, eta istilu larriak eta tiroak egon ziren komunisten eta polizien artean. Gasteizen lasaitasuna nagusitu zen. Langileen manifestazioa eta sozialisten mitina lasai joan ziren. Heraldo Alavés egunkari tradizionalistak maiatzaren 2ko edizioan jaieguna euripean igaro zutela nabarmendu zuen: "Hemen, behean, ez zen lan handirik egin, kafe zerbitzariek izan ezik, ez baitzieten bakerik eman erretiluari eta kobrantza eta ordainketa zorroari, baina goian, irmo lan egin zen". 

Aldundiari, 65 urtetik gorako  langileen pentsioaren 400 pezetako hobaria ordaintzeko eskatu zioten

Manifestazioa "ordu bata laurden gutxitan ekaitza baretu zenenean" hasi zen, eta manifestarien kopuruagatik "espero zitekeen garrantzirik" ez zuela izan dio egunkariak, "agian eguraldiak lagunduko zuen horretan". Martxaren buruan udal banda zihoan, eta, ondoren, alkatea, Ramon Franco hegazkinlaria, zinegotzi sozialistak, "langile dezente", eta langileen elkarteen banderak. "Azkar samar joan zen segizioa Dato, Alava Jenerala, Becerro de Bengoa eta Cadena eta Eleta kaleetatik Gobernu Zibilera. Eraikin horren aurrean jende mordoa zegoen pilatuta, manifestariei txaloka". Ekitaldia amaitzeko, La Muralla eta Marseillaise ereserkiak jo zituen udal bandak.

Eskaerak, udala eta aldundiari

Maiatzaren Lehenaren manifestazioaren berri jaso zuen ere La Libertad egunkari fuerista liberalak, eta gainera, langileen ordezkariek Gobernu Zibilean entregatu zituzten aldarrikapenen zerrenda argitaratu zuen. Hala, Gasteizko Udalari eskatu zioten "ahalik eta azkarren bainuetxe publikoak ezartzea, doako liburutegi publikoak sortzea, sukalde ekonomikoa ezartzeko modua premiaz aztertzea, eskola-umeak eraikitzeari bultzada ematea, eta amnistia zabala ematea Haurren Auzitegian sartuta dauden haurrei". Berriz, Arabako Aldundiari, 65 urtetik gorako herrialdeko langileen pentsioaren 400 pezetako hobaria ordaintzeko eskatu zioten langileek. "Arabako azken diputazio monarkikoak uko egin dio ordaintzeko konpromisoari, eta egun, gurea da herrialde bakarra non legeak adineko langileei aitortzen dien eskubide bat urratzen den".

Hurrengo urteetan Maiatzaren Lehena jaieguna izanik, manifestazioak eta mitinak antolatu  zituzten sozialistek, nazionalistek eta libertarioek, eta ika-mika politikoez gainera, lasaitasuna nagusitu zen Arabako hiriburuan. Ondoren, Maiatzaren Lehenaren ospakizuna Franco diktadoreak ezabatu zuen matxinatutako eremuan, 1937ko apirilaren 12ko dekretu baten bidez.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide