Pello Lizarralde idazlearen testu batetik abiatu zen proiektua, eta hura izan dute inspirazio-iturri Jose Ignacio Agorreta margolariak, Imanol Ubeda (Don Inorrez) musikariak, eta Imanol Rayo zinemagileak. Maiatzaren 6an,19:00etan, Gasteizko ur-biltegi zaharrean Oihaneder Euskararen Etxeak inauguratuko duen Sastraka erakusketak egileen jardunarekin lotutako lau arte-diziplina uztartzen ditu, beraz: literatura, pintura, musika eta argazkigintza.
Sastraka Pello Lizarraldek idatzitako 12 testutatik abiatuta, beste hiru artisten artean burututako erakusketa da. Agorretak 25 olio margotu ditu, Ubedak 12 kantu musikatu ditu eta Rayok 36 argazki egin ditu. "Lan intimistak, soilak, atenporalak osatu izan dituzte eta Sastraka egitasmoak ezaugarri horiek denak barnebiltzen ditu", azaldu dute.
Pello Lizarraldek Sastraka izeneko testua idatzi zuen, 2019ko udan. Testua Jose Ignacio Agorretari bidali zion, eta Iruñeko margolariak bi urteko sormen-prozesuari ekin zion. Bestetik, Sastraka proiektua hasi baino pixka bat lehenago, Lizarralde, Agorreta eta Imanol Ubeda elkartu egin ziren, eta musikariak single bat argitaratu nahi zuela azaldu zien. Bi abestiren hitzak Lizarraldek idatzi zituen, eta Agorretak azala egitea nahi zuen Ubedak. Horrela sortu zen proiektuaren zati musikala, hamabi abesti dituen Sastraka diskoa, abesti bat testuaren kapitulu bakoitzeko.
Imanol Royo zinemagileak ere bat egin zuen proiektuarekin. Proiektuak iraganera ezin itzultzea ardatz duela ulertuta, Rayok argazkilaritzarekiko zaletasuna gehitu zuen sormen-prozesua osatzeko. Bere argazkien bidez, Almaden (Ciudad Real, Espainia) herriaren inguruetatik ibilbide bat egiten du, uda igarotzen zuen amonaren etxetik hasi eta XIX. mendearen amaierako jauregi neoklasikoraino.
Egileek azpimarratu dutenez, Sastraka ez da erakusketa huts bat, liburu bat ere bada. Erein argitaletxearen eskutik argitaratu dute eta egindako lan guztia jasotzen du: testua, margolanak, diskoa, argazkiak eta argazki horiei laguntzeko sartutako soinuak.
Kontzertua eta bisita
Argitalpena eta erakusketa Oihaneder Euskararen Etxeko ur-biltegi zaharrean maiatzaren 29ra arte ikusi ahal izango dira. Halaber, ekintza osagarriak antolatu dituzte erakusketaren inguruan. Don Inorrez taldearen kontzertua egingo da maiatzaren 8an, 12:30ean, eta maiatzaren 14an, berriz, artistek beraiek burututako erakusketaren bisita gidatua egongo da, 11:00etan, edukia azaltzeko.