Itzulia Women lasterketaren lehen etapa Gasteiztik abiatuko da

Erredakzioa 2022ko api. 26a, 13:30
Itzulia Women lasterketaren lehen edizioaren aurkezpena. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Itzulia Women txirrindularitza lasterketak hiru etapa izango ditu aurten, maiatzaren 13tik 15era bitartean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena. Lehenengo etapa Gasteiztik abiatuko da, eta Araba zeharkatuko du.

Itzulia Women emakumezkoen txirrindularitza txapelketa maiatzaren 13tik 15era izango da, eta 363,60 kilometroko ibilbidea egingo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru etapatan banatuta. Gaur aurkeztu dute ekitaldi batean, eta bertan izan dira, besteak beste, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Livia Lopez Kirol zinegotzia.

Lehen etapa Gasteiztik irtengo da, eta Araba zeharkatuz Bastidara joango da; bigarren etapa Bizkaian izango da; eta, azkenik, amaiera Donostian izango da, Donostiako Klasikoaren ibilbidearekin. Lasterketak 13 puntu puntuagarri izango ditu: bederatzi 3. kategorian, hiru 2. kategorian eta bat 1. kategorian. Tarteko sprint-ei dagokienez, sei izango dira guztira, etapa bakoitzean bi.

"Ohore handia da Itzulia Women Gasteiztik irtetea, gasteiztarrei ekitaldiaz gozatzeko aukera emanez. Emakumeak protagonista dituzten kirol ekitaldi handien aldeko apustua egiten duen hiria gara, eta emakumeen kirolari balioa eman nahi diogu, motor ekonomiko eta turistiko gisa. Ongi etorri Itzulia Women, ongi etorria emakumeen kirolaren hiriburu ere izan nahi duen hiri honetara", adierazi du Lopezek.

Lehen mailako kirol ekitaldi hau emakumezkoen World Tour-eko lasterketa kalifikatua da, UCIren kategoria gorenekoa. Hortaz, momentuko talde eta txirrindulari profesional onenek hartuko dute parte.

 

Hiru etapa

  • Gasteiz – Bastida: 105,90 kilometro
    • Irteera gogorra, 3. kategoriako mendate batekin. Bastidara iritsi arte, gutxi gorabehera 45. kilometroan, errepide onak zeharkatuko ditu, baina, hortik aurrera hasiko da etaparen zatirik gogorrena, bata bestearen jarraian bi mendate igo beharko baitituzte. 67. kilometrotik aurrera, aldiz, etapak beheranzko ibilbideari ekingo dio eta azken 15 kilometroak etengabeko gorabeherek osatuko dituzte.
  • Mallabia – Mallabia: 117,90 kilometro
    • Etengabeko gorabeherak dituen etapa; bertan, 3. kategoriako 5 mendate puntuagarri eta 1. kategoriako bat igo beharko dituzte txirrindulariek. Etapa zaila izango da, talde ugarietako liderrentzat lasterketaren kontrolari eutsi ahal izateko; izan ere, ez dago pelotoia hautsi ahal izateko igoera gogorrik. Etapa igoera txiki batekin amaituko da.

  • Donostia – Donostia: 139,80 kilometro
    • Ibilbidea azken bi urteotan Donostiako Klasikoa Women's-en izandako berbera da. Itzulia Women honetako etapa luzeena da, eta Jaizkibel izango da lasterketako lider birtualari min eman nahi dioten talde guztien taktikak agerian utziko dituen mendatea. Murgileko pareta izango da etapako irabazlea, eta, seguru asko, Itzulia Women's 2022ren azken garailea nor den zehaztuko duena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide