2011. urtean, Unescok Jazzaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen apirilaren 30a, eta, orduz geroztik, urtero ospatzen da mundu osoan, jazz musikaren bertuteei buruz sentsibilizatzeko, hezkuntza tresna eta bakearen, batasunaren, elkarrizketaren eta lankidetzaren eragile gisa.
Aurten, Gasteizko Jazz Jaialdiak bat egingo du ospakizunarekin, eta horretarako Irene Reig musikagile eta saxofoi-jotzailearen (Bartzelona, 1993) kontzertua antolatu du San Anton plazako The Garage aretoan, 20:30etik aurrera. Reig ez da bakarrik egongo, eta hirukotean arituko da, Pau Salaren kontrabaxuarekin eta Joan Casaresen bateriarekin batera. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 eurotan.
Jazz-klub izaera izango duen saio berezi honetarako, kantu originalen errepertorio bikaina sortu du Irene Reigek, bop eta hardbop klasikoen bertsio propioekin batera. Izan ere, kontzertua Mira hirukotearen lehenengo diskoan oinarrituko da, jazz estandarretatik swingera, erraz kantatzeko moduko doinuekin, publikoarekin elkarrizketa interesgarri bat eraikitzeko.
Saxofoi-jotzaile katalanak ibilbide luzea egin du dagoeneko, eta erreferentzia ugari izan ditu. Gasteizera hirukotearekin dator, baina beste bi talderen buru da: Irene Reig Quintet eta The Bop Collective zortzikotea. Musikarekiko interesa oso gaztetatik datorkio: 15 urterekin jazz munduan murgildu zen saxofoi-jotzaile gisa, Sant Andreu Jazz Band taldean; ondoren, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC) ikasi zuen, Eladio Reinon, Gorka Benitez eta Xavi Figuerolaren mailako irakasleekin. Gero Amsterdamen bizi izan zen, eta hara joan zen Ferdinand Povelen tutoretzapeko Interpretazio Masterra egitera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!