Oinezkoentzat izango da Aldabe kalea

Erredakzioa 2022ko api. 25a, 16:44

Aldabe plaza oinezkoentzat bihurtuko dute, eta jolas espazioa kokatuko dute bertan. GASTEIZKO UDALA

Next Generation funtsen bidez finantzatuko ditu Gasteizko Udalak Aldabe kalea eta inguruak berritzeko obra, Tuvisaren garajea eraikitzeko bigarren fasea eta Herrandarren kaleko geltoki zaharra hub mikrologistiko bilakatzeko asmoa.

Aldabe kalean eta bere inguruan oinezkoek lehentasuna izango dute datorren urtetik aurrera. Izan ere, Gasteizko Udalak 2,8 milioi euroko inbertsioa onartu berri du zonaldea egokitzeko, eta hainbat hobekuntza egiteko. Hala, kalearen irudia eta estetika hobetuko dituzte erakargarriago egiteko, zaharkitua dagoen zoladura erabat berrituko dute, banku eta egoteko eta elkartzeko toki berriak instalatuko dituzte, eta hondatuta dauden instalazioak eta zerbitzuak hobetuko dituzte –argiteria eta saneamendu sarea–.

 

Aldaketa ikusgarriena Aldabe kalearen espaloiaren eta galtzadaren arteko espazioaren berrantolaketa da. Batetik, espaloiaren alde eta alboetako aparkalekuen bi bandak kenduko dituzte, eta zamalanetarako egokitutako eremuak ezarriko dira. Gainera, Aldabe kale berriaren kanpoko muturrek galtzada harria izango dute (Kutxa kalekoaren antzekoa); erdigunea, aldiz, urtutako asfalto landuzkoa izango da. Zona horretatik motordun ibilgailuek oso astiro igaro beharko dute, eta oinezkoentzat egokitutako zazpi eremurekin partekatu beharko dute espazioa. Eremu horietan bankuak, aulkiak eta lorontziak egongo dira. 

Aldabe plazak ere eraldaketa handia izango du, eta bizilagunak egoteko eta elkartzeko kalitate handiko eremu bihurtuko da. Helburu horrekin banatuko da eremua; Jesusen Zerbitzariak eta Aldabe kaleen arteko lotura ahalbidetzen duen bidea kendu eta plaza gurutzatzen duen galtzadaren diseinua aldatu egingo da, Badaia kalearen ardatzarekin bateratuz. Espaloiak eta galtzadak maila berean gauzatuko dira, Aldabe kalean bezala (zirkulazioaren abiadura murriztuko da). Zirkulazioaren berrantolaketak plazaren erdian egoteko eta jolas egiteko gune zabala sortzea ahalbidetuko du. Gainera, hiru berdegune handi instalatu eta egungo parterreak mantenduko dira banku luzeekin eta zuhaitzekin, eta irisgarritasuna hobetuko da.

 
Aldaketa gehiago Ziudadelan

Ziudadela plazan, bestalde, aurrekoen antzeko inbertsioa egitea aurreikusi du udalak. Espaloiaren eta galtzadaren arteko eremua berrantolatuko da, eta zirkulaziorako bide bat kenduko da. Hala, espaloiak handitu ahal izango dira. Halaber, oraingo parterreak kenduko dira (zuhaitzak lekualdatu egingo dira), galtzadak eta espaloiak berdindu ahal izateko.

Plazaren itxura estetikoak bat egingo du Aldabe kale osoarekin; asfaltozko aglomeratua izango du Koroatze kaleko bidean, eta urtutako asfaltoa Aldabe kaleko galtzadan. Oinezkoentzako espaloien kasuan, Prado kalekoaren antzeko granito grisezko zoladura erabiliko da. Zuhaitzen inguruan bankuak jartzea ere aurreikusten da, argiekin.

Next Generation funtsa

Mugikortasun jasangarrirako Next Generation funtsen finantzaketari esker gauzatuko da Aldabe inguruko obra, eta Europako Batasunak banatu dituen funts horiekin ere finantzatuko dira beste hiru proiektu. Gasteizko udalak TUVISAren garaje berrien bigarren faseari aurre egingo dio, sei milioi euroko aurrekontuarekin.

Halaber, Herrandarren kaleko autobus geltoki zaharra 'hub' mikrologistikoa bihurtuko du. Hau da, Gasteizen lan egiten duten tokiko saltokiek edo banaketa enpresek haien paketeak utzi ahal izango dituzten zentroa izango da, gero bertan sailkatu eta bizikletaz hartzaileari banatzeko. Horrek aukera emango du ibilbideak optimizatzeko eta egun hirian zeregin horietan aritzen diren furgoneten kopurua murritzeko.

Hirugarren proiektua bizikletentzako hiru aparkaleku seguru berri eraikitzea da, 160.000 euroko inbertsioarekin. Unitate berri horiek HUAren aparkalekuan egongo dira (Vianako Frantzisko kalean), Aldabe Gizarte Etxetik hurbil eta Iturritxu kaleko aparkaleku berriaren eremuan.

"Ez dugu denborarik galdu nahi -esan du Gorka Urtaran alkateak– Europak abala eman dio gure mugikortasun ereduari eta bultzada ekonomiko handia eman digu. Proiektu gehienak gauzatzen ari dira dagoeneko, edo esleituta edo lizitazioan daude".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago