Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen larunbat goizaldeko 04:00ak aldera, Gasteizko Alde Zaharrean gertatutako bi erasoren ustezko egileak izatea leporatuta. Poliziaren arabera, ordu horretan bi eraso gertatu ziren, eta guztira hiru pertsona eraman zituzten zegozkien osasun zentroetara.
Lehenengo erasoa 04:00ak aldera jazo zen, Alde Zaharreko establezimendu batean. Partikular batek horren berri eman zion Ertzaintzari, gizon batek edalontzi batekin emakume bat buruan jo zuela esanez. Bertaratzerakoan, ertzainek 21 urteko ustezko erasotzailea atxilotu zuten, lokal barruan, lesio delitu bat leporatuta. Biktima, ordea, Santiago ospitalera eraman zuten, buruko zauri batetik odola zeriola, eta suturako puntuak eman zizkioten.
Handik minutu batzuetara, 112 SOS Deiak zerbitzuak beste dei bat jaso zuen, Gasteizko Alde Zaharrean hainbat pertsona borrokan ari zirela eta bi pertsona lurrean zaurituta zeudela esanez. Ertzainek, bertaratu bezain laster, bi anbulantzia eskatu zituzten zaurituak artatzeko, eta ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten, lesio delitua leporatuta. Biktimetako batek besoa eta hortzak hautsita zituen, eta besteak zauriak zituen aurpegian eta makadurak gorputzean; biak osasun zentro batera eraman zituzten.
Arrastatuek polizia egoitzan jarraitzen zuten igandeko eguerdian, agintari judizialaren eskuetan noiz jarriko zain.