Elkarte horien arabera, balorazio eta puntuazio irizpideak "irizpide subjektibo" bihurtu dira, eta "ez dute auzo elkarteen benetako jarduera puntuatzen". Gainera, "HAPOn, BEIn, tranbiaren proiektuan, Olarizuko gasolindegi proiektuan, Los Herran proiektuan, ekipamendu berrietan, Aranako geriatrikoaren itxieran, birgaitzean ez ordaintzean eta AHTan" parte hartzerik eza salatzen duten elkarteen aurkako "markajea" pairatzen ari diren "susmoa" agertu dute.
2021ean 180.000 euroko aurrekontua onartu zen auzo elkarteei bideratutako diru laguntzetarako; kopuru bera mantentzea onartu du Udalak 2022rako, nahiz eta, auzo elkarteek azpimarratu dutenez, hiru elkarte gehiago dauden. "Hamabost auzo elkartek 2021ean baino diru gutxiago jaso dute; batez beste, 1.000 euro edo gehiagoko murrizketarekin. Lau elkarteri iazko diru-laguntza baxuak zuzendu zaizkie", azaldu dute prentsaurrekoan.
Zentzu horretan, auzo elkarteek ez dute ulertzen "Podemos eta PPren jarrera, parte hartzeari buruzko 5. puntua babesten dutenak eta HAPOn herritarrek parte hartzeko diru kopuruaren aurka bozkatzen dutenak", gaiaren inguruan Udalean eztabaidatu berri den mozioaren harira. "2022ko udal aurrekontuan ahaztu egin dira legegintzaldi honen hasieratik auzo elkarteek 250.000 euroraino proposatzen ari garen igoeraz".
Azkenik, kartelak jartzeagatik isunak jaso dituzten zenbait auzo elkarte daudela salatu dute prentsaurrekoan.