Lau adingabe atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeriazko hainbat lapurreta egotzita

Erredakzioa 2022ko api. 22a, 13:33

Lau atxiloketak asteko egun ezberdinetan egin dituzte. / Argazkiak: ERTZAINTZA

Ertzaintzak lau adingabe atxilotu ditu, indarkeria erabiliz Gasteizko Alde Zaharrean egindako hainbat lapurreta ikertu ondoren. Poliziaren arabera, Aste Santua baino lehen egin zituzten lapurretak, taldean eta biktimak jipoituz eta beldurtuz.

Aste honetan lau adingabe atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizen, Aste Santuaren aurretik Alde Zaharrean "indarkeria eta beldurra erabiliz" egindako lapurreta batzuen egiletza egotzita. Polizia-ikerketaren arabera, adingabeek taldean egin zituzten delituak hiriko hainbat auzotan; gainera, biktimak jo eta beldurtzea leporatu diete.

Lehen salaketak jaso zituenean, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak, eta orduz geroztik zabalik izan du, gertaerak argitzeko asmoz. Lau atxiloketak aste honetako egun ezberdinetan izan dira; antza denez, Arabako hiriburuko erdialdean jarduten duen adingabe talde baten inguruan egiten ari diren ikerketaren barruan egin dituzte atxiloketak.

Atxilotutako lau adingabeak aske utzi dituzte jada, dagozkion polizia-eginbideak burututa. Eginbide horiek Gasteizko Adingabeen Fiskaltzara bidali ditu Ertzaintzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago