Gasteizko Gaztetxeak 34. urteurrena ospatuko du apirilaren 26tik 30era

Erredakzioa 2022ko api. 22a, 10:15
'Hogeitamalas', Gaztetxearen 34. urteurreneko irudia. / GASTEIZKO GAZTETXEA

Apirilaren 28an 34 urte beteko dira Gasteizko Gaztetxea okupatu zutenetik. Hogeitamalas izenburupean, lau eguneko egitaraua antolatu dute, apirilaren 26tik 30era bitartean: tailerrak, kontzertuak, auzolana eta herri bazkaria izango dira.

1988. urteko apirilaren 28a zen. Garaiko testuinguru zurrunbilotsuan eta hilabeteetako batzar, hitzaldi, protesta eta okupazio sinbolikoen ostean, Gasteizko Gazte Asanbladaren ekimenez, 13:00etan 300 bat gazte (eta ez hain gaztek) bildu ziren Fariñasen, Kutxi kaleko sarreran. Handik, manifestazioa abiatu zuten Gotzaindegiko kotxetegiraino, eta 34 urte geroago Gasteizko Gaztetxea izaten jarraitzen duen eraikinaren atea bota zuen.

 

"Hogeitamalas"

Urtez urte, bere urteurrena ospatu du Gasteizko Gaztetxeak, baina pandemiaren ondorioz azken bi urtemugak ospakizun handirik gabe gelditu dira. Aurten, 34. urteurrena iritsi da, eta Gaztetxeko asanbladak lau eguneko egitarau oparo batekin ospatuko du.

"Pozez diogu Gasteizko Gaztetxeak 34 urte beteko dituela aurten, alaitasunari eusten baitiogu etxeak eta asanbladak eutsi dezaten. Hogeita hamalau urte bete ditugun honetan, baina, haserre ere bagaude: haserre bizi dugun krisi eta errealitate penagarri hau eragiten dutenekin, haserre bizitzaren garestitzea inposatzen digutenekin, haserre errepresioa eta jazarpena eragiten digutenekin, haserre geure buruen jabe izatea debekatzen digutenekin, elkartasuna zigortzen dutenekin, zapalkuntzak eta dominazio sistemak betikotzen dituztenekin", adierazi du asanbladak.

Horregatik, "a malas eta alaitasunarekin geureari indarra emanez", Hogeitamalas leloarekin ospatuko dute aurtengo urtemuga, "okupazioa, autogestioa eta asanblada" goraipatuz.

Egitaraua

Urteurrena ospatzeko lehen hitzordua apirilaren 26an, asteartean, izango da. Egun horretan, hiru tailer egingo dituzte Gaztetxean: 17:00etan, Rockblock, rokodromoan; 17:30etik 18:30era, pandero tailerra; eta 18:00etatik 20:00etara, kartelgintza tailerra.

Musika Muinoko Etxeaz jabetuko da asteazkenean, hilaren 27an, 19:00etatik aurrera Seiurte (Berriz) eta Hartz (Azkoitia) rock taldeek eskainiko dituzten kontzertuekin.

Nola ez, urteurren honetan ere auzolan bat antolatu du Gaztetxeko asanbladak. Era guztietako konponketak egiteko asmoz, ostiralean 10:00etatik aurrera bertaratzeko deia luzatu diete norbanako zein kolektiboei.

Azkenik, larunbatean, apirilaren 30ean, ospakizun egun handia izango da. 13:00etan marianitada batekin ekingo diote egunari, eta, bitartean, horma-irudi berri bat margotuko dute Gaztetxean. 14:30ean, Auzolana Pilotalekuan herri bazkari batean bilduko dira atzoko eta gaurko belaunaldi gaztetxeroak, eta tiketak 5 eurotan salgai jarri dituzte Hala Bedi Tabernan.

Egitarauari amaiera emateko, 20:30etik aurrera, lau kontzertu izango dira Gaztetxeko oholtza gainean: Getariko Oki Moki pop taldea, AEBetatik iritsitako Hotline TNT indie-rock taldea, Kandido Kaka Gamarrako rokanrol taldea, eta Lekeitioko Zikin punk taldea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide