Udalak, Vital Fundazioak, Hazi Fundazioak eta Euskal Gozogileak federazioak hainbat jarduera antolatu dituzte indarkeriaren aurkako mundu mailako ikono den Gernika lanaren inguruan, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira.
Jarduera nagusia Picassoren artelanaren txokolatezko erreplikaren erakusketa izango da. Euskal Herriko 40 gozogilek egindako erreplikak jatorrizko lanaren neurri berberak ditu: 7,77 metroko luzera eta 3,49 metroko zabalera. Horretarako, 400 kilo txokolate baino gehiago urtu zituzten.
Apirilaren 27tik maiatzaren 1era bitartean, Europa Jauregiko Olarizu aretoan ikusi ahal izango da txokolatezko Gernika. Baina, erakusketaz gain, hainbat jarduera paralelo antolatu dituzte:
- Apirilak 27, asteazkena: inaugurazio ofiziala, 18:00etan. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Koadroa agerian jarriko da, eta Gernikako bonbardaketa irudikatzen duen musika emanaldia eskainiko da. Ondoren, txokolatezko lana nola egin zen azaltzen duen dokumentala proiektatuko dute.
- Apirilak 28, osteguna: erakusketa jendearentzat irekita, 17:00etatik 20:00etara.
- Apirilak 29, ostirala: erakusketa jendearentzat irekita, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
- Apirilak 30, larunbata: erakusketa jendearentzat irekita, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Egun osoan zehar, produktuen erakusketa bat egingo du Arabako gozogileen elkarteak, eta 19:00etatik 20:30era Bakearen aldeko kontzertua eskainiko dute Maria de Maeztu aretoan, Euskadiko musika talde eslaviarren eskutik. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.
- Maiatzak 1, igandea: erakusketa jendearentzat irekita, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Txokolatea dastatzeko aukera
Antolatzaileek azaldu dutenez, sarrera doakoa izango da, erakusketak obra azaltzeko eta interpretatzeko zerbitzu bat eskainiko du, eta bisitariek Gernika-ren kopia bat margotzen lagundu ahal izango dute. Gainera, erakusketa bisitatzen dutenek obra egiteko erabilitako txokolatea dastatzeko eta koadroaren erreplika daraman txokolatezko tableta bat erosteko aukera izango dute.