Grebara doa Arabako metalgintza

Erredakzioa 2022ko api. 20a, 12:26

Greba erregistratu bitartean, kontzentrazioa egin dute sindikatuetako ordezkariek. ELA

Arabako patronalari egotzi diote negoziatzeko borondate "eskasa" izatea, eta abenduaren amaieran adostutako aldarrikapenei eutsi diete sindikatuek. Maiatzaren 18an, 24an eta 26an izango dira lanuzteak.

ELA, CCOO, LAB, ESK eta CGT sindikatuek hiru greba egun erregistratu dituzte maiatzaren 18, 24 eta 26rako Arabako metalgintzako enpresetan, sektorean hitzarmen "duina" eskatzeko. Hitzarmen berri baten negoziazioak lau urte daramatza inolako aurrerapenik gabe, sindikatuen arabera, eta egoera hori SEA Arabako patronalaren "immobilismoari" egotzi diote. Arabako lan ordezkaritzaren aurrean kontzentrazioa egin dute aste honetan langileen ordezkariek."Orain arte mobilizazio ugari egin ditugu, Arabako metalgintzaren hitzarmen duin baten aldeko milaka sinadura biltzen ari gara, eta orain grebak deitu ditugu SEAren jarrera aldarazteko. Utz dezala alde batera edozein aitzakia, eta taxuzko erantzunak eman ditzala sektoreak dituen arazoen aurrean", exijitu dute langileek.

Herrialdeko metaleko enpresetan "arazoak eta prekarietatea pilatzen" jarraitzen dutela azaldu dute langileen ordezkariek. Beste arazo batzuen artean, "bizitzaren garestitzeari" aurre egitea ahalbidetzen ez duten soldatak, lanaldi "oso luzeak", malgutasun "handia", kontratazioan "iruzurra" edo "lan-istripu ugari" aipatu dituzte.

Sindikatuek KPIaren gaineko soldata igoerak eskatu dituzte, 14 ordainsaritan 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin; lanaldia nabarmen jaistea; azpikontratetako langileen subrogazioa; kontratazioan iruzurraren aurkako neurriak; eta behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.Era berean, benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta lan-osasuna bermatzeko neurriak, baimenen hobekuntzak eta hitzarmena aplikatzeko bermeak eskatzen dituzte.

Abenduaren amaieran, "sektoreko prekarietatearekin amaitzeko" errebindikazio taula hori aurkeztu zuten ELA, CCOO eta LAB sindikatuek –sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengoa–, sektorean sortutako aberastasuna "modu orekatuagoan banatzeko" helburuarekin. Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu zuten. Ondoren, USO, ESK eta CGT batu ziren hiru sindikatu nagusien ekimenera. Plataforma sortu zenetik, hiru hilabete baino gehiago igaro dira, eta lau bilera egin dituzte sindikatuek eta patronalak, baina ez da akordiorik lortu.

Negoziazioa

Izan ere, apirilaren 12an bildu zen azken aldiz Arabako metalaren negoziazio mahaia, apirilaren 8an LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek egindako lanuzteen ondoren. "Patronalak berriro eskatu zuen sindikatuok mugitzea. Bitartean, patronalak ez du lanaldia jaisteko proposamenik aurkeztu, ezta subrogaziorik ere, eta ez du metalgintzako langileen erosteko ahalmenari eusteaz edo beste lan baldintza batzuk hobetzeaz hitz egiten", azpimarratu dute.

LAB sindikatuak salatu zuen orduan patronalak negoziatzeko borondaterik ez zuela. "Sindikatuok urratsak egin ditugu berdintasuna eta lan osasuneko arloak adosteko, baina patronalak ez ditu onartu, ezta sektoreko bestelako arazoei erantzunik ematea ere. Patronalak ez du negoziatzeko borondate errealik erakutsi", esan zuten.

ELAk, berriz, bilera horren ostean azaldu zuen SEAk eskatu duela soldatak igotzeko asmoak murrizteko, eta KPItik gorako igoerei uko egitea. "Horren truke, subrogazioaz, beste soldata igoera batzuez eta lanaldia jaisteaz hitz egiteko prest egongo liratekeela esan dute". Patronalak, gainera, azken klausula bat ezartzearen menpe jarri du soldata igoera, "igoerengatik galtzen den batez besteko inflazioa berreskuratzea". Era berean, patronalak proposatu du lan erreformak ekarri dituen kontratu berrien negoziazioa mahaira ekartzea, "Arabako metalgintzara egokitzeko".

Maiatzaren 5ean elkartuko dira berriz bi aldeak. Araban, 25.000 langile aritzen dira metalgintzan, herrialdeko enpresa handienetan:  Mercedes, Tubos Reunidos, Fiasa, CIE Automotive, Atusa, Gestamp, Arasur, Condesa, SNA Europe, edo Amurrio Ferrocarril.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago