Aurrera doaz Adriano VI.a Aita Santu izendatu zuteneko 500. urteurrenaren ospakizunak

Erredakzioa 2022ko api. 20a, 09:00
Adriano Utrechtekoa Kordoi Etxean zegoen Aita Santu izendatu zutenean. / ALEA

Duela 500 urte, Gasteizen zegoela, Aita Santu izendatu zuten Adriano VI.a. Urteurrenaren ospakizunak urte osoan zehar luzatuko dira: besteak beste, ibilbideak, bisita gidatuak eta hitzaldi ziklo bat antolatu dituzte datozen hilabeteetarako.

1522. urtean, Adriano Utrechtekoa kardinal eta Gaztelako erregeordea Kordoi Etxean zegoen ostatu hartuta, Adriano VI.a izenarekin Leon X.a Aita Santuaren oinordeko hautatu zutela jakin zuenean. Urtarrila zen, eta Sanchez Bilbaotarren etxean zegoen Adriano, Guyenako guduaren udaberriko kanpaina militarra planifikatzen. Bitartean, Erroman, Aita Santu berria izendatuko zuen konklabea burutzen ari zen. Hilaren 9an, albistea jakinarazi ondoren, mezulari bana abiatu ziren Vatikanotik: lehenak, Gironako gotzainaren zorion gutuna zeraman; bigarrenak, berriz, mezu ofiziala, baieztapenarekin. Bi asteko bidaiaren ondoren, urtarrilaren 22an, Adrianok berri ona jaso zuen.

Azkenean, otsailaren 5ean, mezuaren eramailea iritsi zen Erromatik, eta San Frantzisko komentura eramatea erabaki zen, Kordoi Etxearen saltegi eta merkataritza ingurunea ez baitzen Aita Santu batentzat egokiena. Bertan, kargua onartu zuen, eta jaunek, apaizek, hiri handietako gotzainek, erlijiosoek eta abarrek helarazitako opariak jaso zituen. Gasteizko Udalak elikagaiak eta opariak eskaintzea erabaki zuen.

Martxoaren 12an, Arabako hiriburuan hiru hilabetez egon ondoren, Adriano VI.a —dagoeneko horrela izendatuta— Erromara abiatu eta hilaren 30ean iritsi zen. Denbora horretan zehar, orain 500 urte direla, era guztietako ospakizunak egin ziren Gasteizko kaleetan.

Adrianus VI Pontifex 1522-2022

500 urte eta gero, gertakari historiko horren memoria berreskuratzeko, jarduera andana antolatu dituzte Santa Maria Katedrala Fundazioak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak, Gasteizko Gotzaindegiaren eta Aldundiaren laguntzarekin.

Urteurrena oroitzeko jarduerak urte osoan zehar izango dira, Adrianus VI Pontifex 1522-2022 izenburupean: besteak beste, Adriano VI eta bere garaia ibilbide autogidatua Arte Sakratuaren Museoan, dibulgazio bisitak Gasteiztik eta apirilaren 20an hasiko den hitzaldi ziklo bat.

Hitzaldi zikloa

Adriano VI.aren figura hainbat esparrutatik ezagutzeko sei hitzaldiz osatutako zikloa izango da egitasmoaren lehenengo jarduera: adibidez, Carlos V.aren politika inperialean izan zuen inplikazioa, pentsamendu humanistari egin zizkion ekarpenak, artearekin izandako lotura eta Gasteizekin izandako harremana landuko dira.

Zikloaren lehen hitzordua apirilaren 20an, asteazkenean, izango da, 19:30ean Europa Jauregian. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Amelia Baldeonek, Santa Maria Katedrala Fundazioko Jon Lasak eta Gasteizko Teologia Fakultateko Manuel Gomez-Tavirak egingo dute aurkezpena; ondoren, Adriano VI.a eta bere garaiko Gasteizko gizartea hitzaldia eskainiko du Andoni Artola EHUko Historia Modernoko irakasleak.

Ibilbide autogidatua

Hitzaldi zikloarekin batera, maiatzetik aurrera, Adriano VI. eta bere garaia izeneko ibilbide autogidatua eskainiko dute Arte Sakratuaren Museoan. Bertan ikusgai dauden artelanen bitartez, bere figura ezagutzeko aukera izango da; horretarako, informazio guztia jasotzen duen liburuxka bat jasoko dute interesa duten lagunek.

Bisita gidatuak

Museoan egingo den ibilbidearen osagarri gisa, ekainean bisita gidatuak egingo dituzte hirian zehar. Bi orduko iraupena izango dute, Adriano VI.arekin harremana izan zuten leinuak ardatz hartuta. Bisitatuko diren espazioen artean ez dira faltako Kordoi Etxea bera, edo desagertutako San Frantzisko Komentuaren hondakinak.

Egunak eta ordutegiak aurrerago zehaztuko diren arren, prezioa bost eurokoa izango da, eta erreserbak 945 101 070 telefono zenbakiaren bitartez egin beharko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide