Empleo Gune topaketak 50 enpresa baino gehiago bilduko ditu Europa Jauregian

Erredakzioa 2022ko api. 19a, 12:00

Empleo Gune jardunaldien aurreko edizio bat, Europa Jauregian. / Argazkia: AFA

Maiatzaren 5ean, Europa Jauregian, formatu presentziala berreskuratu eta 50 enpresa baino gehiago bilduko ditu Empleo Gune topaketak. Plataforma digitalak 400 lanpostu baino gehiagoko eskaintza du dagoeneko.

Badator berriz ere Empleo Gune Foroa, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Arabako campusak elkarlanean antolatutako topaketa. Hamabigarren edizioa ospatuko du maiatzaren 5ean, Europa Jauregian, formatu presentziala berreskuratuz. Ekimenaren helburua da bertako enpresetako giza baliabideetako profesionalen, enplegua sortzen duten erakunde publikoen, enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren pertsonen, ikasleen eta lan zein gizarte arloetan lan egiten duten profesionalen arteko topagunea sortzea da.

Apirilaren hasieran martxan jarri zuten izena emateko epea, eta dagoeneko 50 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiagok baieztatu dute beren parte hartzea. Gainera, egitasmoaren webgunean 400 lan eskaintza baino gehiago jaso dituzte dagoeneko; halaber, atari digital horretan aurtengo ekitaldiaren inguruko informazio guztia kontsulta daiteke.

Hilaren 5eko jardunaldi nagusian, bi mahai egongo dira Europa Jauregian: alde batetik, lurraldeko erakunde publiko nagusiek egungo zein aurreikusitako eskaintzaren berri emango dute; bestalde, enplegu pribatuaren sektorearteko mahaian, industria, merkataritza, osasun eta logistika arloetako lau enpresek beren sektoreen inguruko aurreikuspenaren berri emango dute.

Horrez gain, orientazio arloko profesionalei zuzendutako saio teknikoa ere egongo da, eta jolasaren pedagogien aplikazioa eta orientazio arloko gamifikazioa izango dira aurtengo gai nagusiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago