2016an, 15 eta 19 urte bitarteko arabarren ia %75 euskalduna zen. Horiek 40 eta 45 adin tartean egongo dira 2040an. Zer gertatuko da bitartean? Eta gero? Hainbat dira horretan eragingo duten aldagaiak: hiztun tipologiak, ezagutza mailak, migrazioak, jarrerak, hezkuntza ereduak, kultur eskaintza eta kontsumoa...
Aurreikusi daiteke joerek hartuko duten bidea? Egoera hobetuko bada, sakatu beharreko palankak zein diren jakitea komeni zaigu. Asier Etxenikek eta Iñaki Martinez de Lunak lagunduko dute zeregin horretan, Eragiteko janzten jardunaldien aurtengo hirugarren saioan: 2040ko Gasteizko euskaldunak. Irudikatzen?
Asier Etxenike Ugarte (Orereta, 1979). Soziologian lizentziatua (UNED), Aztiker Soziologia Ikerguneko ikerketa eta berrikuntza arduraduna eta Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektoreko kidea. Azken hamar urteetan hainbat ikerketa soziologikotan parte hartu du: adibidez, Euskarazko hedabideen audientziak (Guaixe, Anboto, Barren...), Arabarren euskara ezagutza, erabilera eta iritziak (2015) edo Gasteizko eskolaz kanpoko aisialdiaren azterketa (2020).
Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950). Soziologian doktorea, EHUko irakaslea, Eusko Jaurlaritzako Eustat eta Prospekzio Soziologikoetan teknikaria, Soziolinguistika Klusterreko kidea eta lehenengo lehendakaria, Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria eta Garabide Elkarteko lehendakaria.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. Iaz jarri zuten hazia, eta aurten eragiten jarraitzeko asmoarekin datoz, Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortu, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.
Otsailaren 22an hasita eta maiatzera bitartean, lau saio izango dira aurten Oihaneder Euskararen Etxean, Sumendi espazioan eta Salburua gizarte etxean. Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude.