PSE bakarrik geratu da Sahararekiko Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketaren defentsan

Erredakzioa 2022ko api. 11a, 18:10

Gasteizko komunitate sahararraren mobilizazio bat. / ALEA

Gasteizko Udaleko ezohiko osoko bilkura batean, Pedro Sanchezek Sahararekiko izan duen jarrera aldaketa salatu dute talde politiko guztiek, PSEk izan ezik.

Gaur goizean, Gasteizko udalbatzaren ezohiko bilkura egin da, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharaz egindako jarrera aldaketa salatzeko EH Bilduk eta Elkarrekin taldeek aurkeztutako mozioa eztabaidatzeko. Izan ere, duela gutxi, Sanchezek bisita egin zion Marokoko erregeari, eta Maroko barruan Sahara autonomo batean oinarritutako akordio baten aldeko testua adostu zuen.

Mozioaren bozketan, ordezkari guztiek, PSErenak izan ezik, bat egin dute Espainiako Gobernuaren eta Sanchez presidentearen azken urratsak arbuiatzeko. Borja Rodriguez PSEko zinegotziak Pedro Sanchezek gauzatutako akordioa defendatu du, eta gainerako ordezkariek, berriz, babesa adierazi diote herri sahararrari.

Gainera, Arabako SEADen Lagunen Elkarteko ordezkari Jesus Garayk txanda herrikoian parte hartu du. "Gasteizko Udaleko talde politikoei dei egiten diegu herritar guztiekin partekatutako erantzun politiko etiko eta ahobatezko baten buru izan daitezen, eraso hau aukera izan dadin, behingoz, amaiera emateko Saharako lurraldearen legez kanpoko okupazioari, baliabideen espoliazioari eta saharar herriaren errepresioari, gatazkaren bidezko konponbide demokratiko eta iraunkorra lortuz eta autodeterminazio eskubidea gauzatuz", adierazi du Garayk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago